Mikel Aristi, Euskadi taldearen desagerpenaren zuzeneko testigu

Xabier Urtzelai 2014ko uzt. 24a, 11:49

Mikel Aristi, Euskadiko maillotaz. | josu urreztarazu

Azken ordukorik ez badako Mikel Aristi Ordiziako Klasikoko irteera puntuan izango da oraingo egubakoitzean, hilak 25, Euskadi Fundazioko maillota defendatzen. Bergarakoak ez du izan, inondik inora, hitzordu hori prestatzeko nahi adina lasaitasun, aste barruan taldeko arduradun Migel Madariagak taldea desagertu egingo dela adierazi duelako.

Hala, denboraldia amaitu barik kolokan geratuko da ziklista koadrila polit baten etorkizuna, tartean, Aristirena. Nekatuta, eta egoeragatik haserre dagoela igartzen zaio, baina nahiago du geratzen zaizkion lasterketetan buru-belarri jarri, buruari eragiteak ez diolako konponbiderik ekarriko: "Azken bi asteak entrenatzen egin ditut, astebetez Noja aldean atseden hartzen egon ostean. Igartzen dut fresko nagoela, aste barruan motoaren atzean egin ditudan entrenamenduekin pozik geratu naiz, baina ez nago gorputzaldirik onenean".

Izan ere, zaila da oso lasterketa gutxi izan dituen denboraldian sasoi puntuari eustea: "Gauza bat da ondo entrenatzea, baina benetako erritmoa lasterketek ematen dute, eta alde horretatik, Espainiako Txapelketatik geldi nago [ekain amaieratik]". 

Ordizian, Getxon eta Burgosen egoteko itxaropena du bergararrak –taldeak Burgosen amaituko du bere ibilbidea– eta ondoren Munduko Txapelketan egon nahi luke, selekzioaz lehian: "Espero dut han egotea, ilusio handia egingo lidake eta horrek motibatzen nau orain".

Denboraldi zaila 

Profesionalki Euskadirekin aurrerapauso bat egin badu ere, denboraldia ez da erraza izan Aristirendako. Profesionalen artean gura baino lasterketa gutxiago izan ditu, eta hala ere lan ona egin du: Talde-gizona izan da, eta besteak beste, Girondeko Tourrean taldeko erlojupekoa irabazi zuen, eta bosgarren izan zen La Côte Picarde proban, Frantzian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak