Elkartasunak hartu zuen atzo Donostiako Gipuzkoa plaza, bertan egin zuten-eta Summer Udalekuak programan parte hartzen duten umeek antolatutako Solidarioak gara-denok Ikerrekin jaialdia. Helburua argia zen: gaitz mitokondriala duen Iker Galan ume bergararrarendako dirua batzea.
Goiz eta arratsalde
Programan parte hartzen duten 300 umek baino gehiagok egindako dantzarekin hasi zen eguna, eta ondoren, askotariko ekintzak egon ziren: Olasagasti aizkolariaren erakustaldia, txakurrekin egindako erakustaldia, ohialen inguruko tallerra... Arratsaldean 500 ogitarteko banatu zituzten, eta zunba saio jendetsua egin zuten. Bisitari ezagunak ere egon ziren jaialdian: Gipuzkoa Basketeko Gipu maskota, esaterako; eta baita, ustekabean, Alex Ubago abeslaria ere.
Dirua lortzeko, tonbola egon zen eta salgai jarritako ia 5.000 txartelak agortu ziren; honetaz gain, neskatila-mutikoek egindako eskumuturrekoak ere saldu zituzten. Behin gastuak kenduta, 4.200 euro batu zituzten, eta dena bideratuko dute Iker Galanek duena bezalako gaixotasun mitokondrialak ikertzeko.
Galanen ama Ana Isabel Martinez pozik eta hunkituta zegoen egunak izandako arrakastarekin: "Jende asko egon da, eta asko etorri zaizkigu gurekin berba egin eta animoak ematera. Aurrez ezagutzen zutenez, gainera, haurrek harrera oso beroa egin diote Ikerri; berari gustatzen zaion moduan, mimo asko jaso ditu".