'La Voz' saioko Idoia Bediagak abestuko du domekan Bergarako Santa Marinako jaietan

Jon Berezibar 2014ko uzt. 16a, 10:18

Espainiako La Voz talent-show arrakastatsuan ezagun egin zen Idoia Bediagak saioa egingo du domekan Fraiskozurin 21:00etan, Santamarinako jaien barruan. Gitarra jo eta abestu egingo du amaren jaioterrian Bediagak. Jaiak, egubakoitzean hasiko dira.

Santa Marina jaiek ekitaldi gero eta gehiago dute urtetik urtera. Etzi, egubakoitza, hasi eta domekara bitartean, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte, ume, gazte zein nagusiendako. Domekan, gitarrarekin lagunduta, oholtzara Idoia Bediaga igoko da. Telecinco telebista kate espainiarreko La Voz abeslari lehiaketan hartu zuen parte abadiñoarrak. Ama eta familia, bergararrak ditu. Lehen maketa grabatu guran dabil azkenaldian eta bere ahotsa ezagun egin nahian. Hain zuzen, Youtube-en Lana del Rey, Russian Red ala Adele musikarien cover ezagunak eskegitzen ditu.

 

Meza

Barikuan, Santa Marina egunez, 19:00etan abiatuko da egitaraua mezarekin. Koru Parrokialak abestutako meza izango da – Perosiren Misa Pontificalis ezaguna abestuko dute–, baina meza aurretik ere abestuko dute; hain zuzen, Miguel Gonzalez Bastidaren Santa marina himnoa abestuko dute.   


Mezaren ondoren, jaietan klasiko bilakatu den Aritzeta abesbatzaren kontzertua egongo da: "Gabonetako kontzertuarekin batera, Aritzetak sorreratik sekula hutsik egin ez duen emanaldia da", esan du Xabier Alzola abesbatzako presidenteak. Sei obrako emanaldi oso bariatua egingo dute. Eta egunari amaiera emateko, dantzaldia egongo da 22:00etan, Matxiategi enparantzan. 


Zapatuan eta domekan gehiago

Zapatuan, bailarako finalista beteranoen arteko errebantxa jokatuko da Udal pilotalekuan, 13:00etan. 13:30ean, triki-poteoa egongo da Matxiategin eta arratsaldean barrena, mus, tute eta poker txapelketak jokatuko dira auzoko tabernetan. 18:00etan, berriz, bolo, toka eta igel txapelketak jokatuko dira Aitonetan eta han banatuko dituzte, baita ere, karta txapelketetako sariak. Txorizoa ere egongo da hurbiltzen direnendako. 19:00etan kukainak egongo dira umeendako; 20:00etan, Alemaniako saltxitxak dastatzeko aukera egongo da, zuzeneko musika entzuten den bitartean. 

    
Domekan, Udal Musika Bandak emanaldia egingo du 12:30ean, Udal pilotalekuan. Arantxa eta Pantxoak emanaldia egingo dute, 13:00etan; 16:30ean, puzgarriak egongo dira umeendako; 17:00etan, zaldian ibiltzeko aukera ere izango dute txikienek eta 19:00etan, apar festa egongo da. Jaiei amiera emateko, Idoia Bediaga gazteak emanaldia egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak