Antzerki eta musika emanaldiak izango dira aste honetako kultur egitarauan

Maialen Torres 2014ko uzt. 14a, 17:13

Kulturaz gozatzeko nahi beste aukera izango dute bergararrek aste honetan. Izan ere, udarako aurkeztu duten kultura egitarau bereziak hainbat proposamen dakartza datozen egunetarako. Adin eta gustu guztietarako ikuskizunak izango dira, eta bertako zein kanpotik etorritako artistek alaituko dute giroa. Antolatutako ekintzetan, antzerkia eta musika izango dira nagusi.

Eguaztenean, pailazoak

Bergarar gazteenek irudimena dantzan jartzeko eta ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute Potxin eta Patxin pailazoen eskutik. Aurten aurkeztu duten Oihan Koloretsua ikuskizuna antzeztuko dute Munibe plazan, arratsaldeko zazpietan.

Eguenean, erritmoa

Bergarako kaleak erritmoz eta doinu biziz beteko ditu Turukutupa taldearen Rezikletas kale ikuskizunak. Taldeko aktore-musikariek perkusioan oinarritutako kontzertu ibiltaria eskainiko dute arratsaldeko zortzietan, San Martin plazatik hasita. Ikuskizunak, musikaz gain, istorio bat ere badu oinarri, eta ikuslea inplikatzea du helburu. Gainera, ikuskizunaren izenari men eginez, erabiltzen dituzten instrumentu eta tramankulu guztiak birziklatutako edo berrerabilitako materialez osatuta daude.

Egubakoitzetan, kontzertuak

Aritzeta abesbatzaren kontzertuak emango dio hasiera 19:45ean egubakoitzeko musika eskaintzari. Kontzertua Santa Marina elizan izango da, bertako jai egunaren aitzakian, eta, urtero legez, Aritzetako ahotsek ez dute hutsik egingo. Gainera, uztaileko egubakoitzeroko ohiturari jarraituz, urtez urte indartuz doan Berumuga zikloak musika beltzaren erritmoak ekarriko ditu Espoloira. Gaueko hamarretan Travellin' Brothers taldea izango da oholtza gainean, ohikoa duten blues estiloa mantenduz, baina swing eta jazz ukitu berriekin.

Musika zaleek, beraz, gustu guztietarako doinuak izango dituzte entzungai astean zehar, eta Bergarako kaleetan ez da erritmorik faltako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak