Ipuin kontaketa arrakastatsuek literatur zaletasuna piztu dute

Maialen Torres 2014ko uzt. 14a, 17:08

Ikasturte osoan zehar, irri hotsez, ilusiozko begiradaz, misterio doinuz eta, batez ere, istorioz bete da Bergarako Udal Liburutegia. Izan ere, hilean behin, haur zein helduek mota guztietako istorioak entzun ahal izan dituzte ipuin kontalarien ahotik. Urrian hasi ziren ipuin kontaketak, eta hileko azken martitzenetan helduentzako saioak egin dituzte. Egubakoitzetan, ordea, haurrak izan dira protagonista.

Mila Agirrezabal Udal Liburutegiko arduradunak azaldu duenez, hasieran zalantzak izan zituzten egitasmoari buruz: "ipuin kontaketa saioak antolatzen diren lehen aldia zenez, ez genekien saioetara jenderik agertuko ote zen". Beste herri batzuetako esperientzietan oinarrituta jarri zuten abian aurtengo ekimena, "proba gisa". Lehen saioetara EPAko ikasleak eta irakurketa taldekoak soilik gerturatu ziren, baina laster zabaldu zen ipuin kontaketen oihartzuna, eta, azkenerako, "izugarrizko arrakasta" izan dute. Horregatik, datorren ikasturtean ere egitasmoarekin jarraitzeko asmoa dute liburutegikoek, nahiz eta oraindik ez duten programarik finkatu.

Ipuin kontaketen egitasmoa herritarren eskaerei erantzuteko jaio zela azaldu du Agirrezabalek, "Bergaran badagoelako literaturarekiko sentsibilitatea" eta "sentsibilitate horren aldeko apustua" egin nahi izan dutelako. Batetik, zaletu askorentzat berria eta ezezaguna den esparru baterako atea ireki dute ipuin kontalariekin, eta, bestetik, jende berria liburutegira gerturatzeko aukera izan da, ipuin kontaketak "jendea literaturara erakartzeko ahalmena" erakutsi baitute.

Ipuin kontaketak haurrentzako soilik diren ustea oso zabalduta dagoela aitortu du Agirrezabalek, baina, ikasturtean zehar, uste horrekin apurtzea lortu dute. Izan ere, "nagusiek haurrek bezainbeste gozatu dute" eta Agirrezabalen ustez, eskertu egin dute, irakurketa taldeaz gain, literaturaz gozatzeko beste aukera desberdin bat eskura izatea.

Aurtengo saiorik onena zein izan den galdetuta, Agirrezabalek argi adierazi du bakarra aukeratzea ezinezkoa dela: "istorio guztiek daukate euren xarma, eta are gehiago ipuin kontalari baten ahotan".

Haurrentzat onuragarria

Adin guztietako entzuleak izan dituzte ipuin kontalariek, baina haurrek bereziki gozatu dituzte istorioak. Lau eta sei urte tartekoak gerturatu dira gehien eta, horregatik, saioak egokitu egin dituzte euren beharretara: ordubetekoak luzeegiak ziren txikienentzat, eta 30 minutuko bi txandatan banatu zituzten.

Ipuin kontaketen bidez, haurrengan afizioa sortzea izan dute helburu liburutegikoek, izan ere, Agirrezabalen ustez, "interesgarria da haurrengan literaturarekiko sentsibilitatea txikitatik sortzea, euren garapenerako onuragarria baita". Era berean, gurasoekin batera familian goatzeko aukera bikaina izan dira ipuin kontaketak eta saioetan, ikasteaz gain, "oso ondo" pasa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak