Positiboki baloratu dute Oxirondo azokako haurren lehen merendola

Garazi Aiesta 2014ko uzt. 14a, 12:00
Oxirondon egin duten merendoletako bat.

Parte hartu dutenen hitzetan, lekua oso aproposa da haurren ospakizunak egiteko. Izan ere, oso gertu daude umeentzako parkea eta azken orduko erosketatxoak egiteko dendak.   

Lehen ospakizuna ekainaren 24an egin den arren, apirilean aurreratu zuen Bergarako Udalak  azoka umeentzako jaiak egiteko erabiltzeko aukera egongo zela. Udala herritarrekin eta herriko elkarte batzuekin lanean dabil Azoka Bergaratzen prozesu parte-hartzailean. Helburua da Oxirondo azokaren eraikinari erabilera eta eduki berriak ematea.

Lehen ospakizunarekin helburuak eta erronkak bete direla ikusita, Udalak zerbitzu parte-hartzaile horrekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu du.

Baldintzak zehaztuta

Ospakizunetarako materiala Udalak ipiniko du, baina antolatzaileek arduratu beharko dute materiala bera, espazioa eta ingurua zaintzeaz.

Ospakizunak astelehenetik ostiralera 15:30etik 19:00etara eta azokako espazio jakin bat erabiliz egin ahal izango dira. Espazio horretan, baina, gehienez hirurogei pertsonako jaiak ospatzeko aukera egongo da. Edozelan ere, ezin da ahaztu Oxirondo merkatarien azoka bat dela, eta, beraz, Udalak eskatzen die partaideei ingurukoekin errespetuz jokatzeko.

Garbitasuna eta errespetua zainduko direla bermatzeko, zerbitzua eskatzerakoan berrogeita hamar euroko fidantza jarri beharko dute festaren antolatzaileek. Bada, diru kopuru hori eta eskaera orria eraman beharko dira kultura etxera, gutxienez astebeteko aurrerapenarekin. Hala ere, aurrez aipatutako baldintzak egoki betetzen badira, itzuli egingo da diru hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak