Munduko kongresu garrantzitsuenean hizlari gonbidatua izan da Lazpiur

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 14a, 00:00
Lazpiurreko Ainhoa Ondarra eta Juan Vicente Bengoa, hitzaldia egiten.

Bergarako Lazpiur enpresako ordezkariak oso pozik etorri dira Berlingo 21. International Forging Congress (IFC) topaketa espezializatutik han hitzaldia egin eta gero. Enpresaren bozeramaleek honela esan dute: "Oso pozik etorri dira, dena bikain joan da. Hitzaldia oso ondo joan zen, eta jende askorekin egon dira kongresuan. Horietako askok entzunda zuten Lazpiurren izena, baina ez zekiten zehatz mehatz zer egiten zuten. Harreman berri asko egin dituzte eta lantzen diharduten aurrerapenen gainean hitz egin dute".

Azpimarratzeko modukoa da munduko forjaketa sektoreko kongresu garrantzitsuena dela Berlinen egiten den hori, eta antolatzaileek aukeratu zutela Lazpiur hitzaldia egiteko. Hain zuzen, joera berrien gaineko orientazioa ematea zen hitzaldiaren helburua. Gonbidapen hori enpresaren 100 urteko historiako "inflexio-puntua" izan dela esan du Lazpiurrek: "Enpresak egiten duen lanaren kalitatea nazioartean publikoki txalotzeko modua da Berlinen hizlari izatea", esan du Lazpiurrek. Beste hau ere nabarmendu du: "kongresuan hizlari izan den Espainiako enpresa bakarra" izan dela.

Munduko enpresa onenak

Hiru urtean behin egiten da IFC eta mila bisitari inguru izan ditu; tartean, sektoreko eragile nagusiak. Aurten, ekainaren 29tik uztailaren 4ra arte izan da topaketa. Antolatzaile-burua Euroforge da, Europako 11 herrialdetako elkarteek osatua. Berak eskatu zion Lazpiurri  sektorerako tresnen mekanizatuan dauden joeren berri eman zezan.

Programan, besteak beste, honako enpresak ere bazeuden: Indiako Bharat Forge, Alemaniako Fraunhofer –Europako korporazio teknologiko handiena–, ZF multinazionala –automobilgintzako hamar hornitzaile garrantzitsuenetako bat– eta Europa, Japonia, India, Txina, AEB, Brasil eta Taiwango forjaketa-elkarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak