EAJk "irregulartasunak" salatu ditu Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak sinatutako akordioan

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko uzt. 9a, 16:00

Alkateak "dagokion batzordeari informaziorik eman gabe, eta aurretik udalbatzan proposamenik aurkeztu gabe, udal langileei erakunde pribatu baten lorategiak zaintzeko agindua" eman diela dio EAJko Udal taldeak. Horrekin batera, "informazio falta, gardentasun gabezia eta Bilduren ordeno y mando gobernatzeko eredua" ere salatu dituzte.

Bidalitako prentsa oharrean diotenez, "Bergarako EAJ-PNVko udal taldea, beste behin ere, kezkatuta dago legealdi honetan ohiko bilakatu diren Udal gobernuaren jardunaren irregulartasunengatik, kasu batzuetan legez kanpoko jarduna ere izan dena". Eta gehitzen dute: "Oraingoan, alkate andereak maiatzean Udal lorezainei agindu zien Jose Luis Elkorok zuzentzen duen Olaso fundazio pribatuko lorategiak konpontzeko eta zuhaitzak mozteko. Hori aurretik dagokion, eta duela hiru hilabete deitu ez den, batzordean informaziorik eman gabe eta oposizioko zinegotziei bestelako informaziorik helarazi gabe. Bilduk udaletxea bere lanabes gisa erabiltzen du, inor kontutan hartu gabe gobernatuz eta oposizioko alderdiei informazioa ezkutatuz".

Eta horrela jarraitzen dute: "Oposizioko zinegotziek Udal langileak erakunde pribatu honen lorategietan lanean ari zirela jakin genuen herritarrek ikusi eta esan izanagatik".

Horrekin batera azaltzen dute ekainaren 30eko osoko bilkuran "daturik ez ezkutatzeko eta erabat garden izateko" eskatu ziotela Gobernu taldeari; "baita euren proposamenak alderdi politiko guztiak ordezkatuta dauden informazio batzordeetan aurkezteko ere".

Halaber, gehitzen dute EAJko Udal taldeak alkateari eskatu diola "herritarrei azaltzeko zer egiten duen bergararren poltsikotik bildutakoarekin, bereziki udaletxeko baliabide eta langileak udalgintzakoak ez diren ekimen pribatuetarako erabiltzen dituenean".  

Azkenik, diote "osoko bilkuran, Udal gobernuari oposizioari beharrezko txosten teknikoak aurkezteko" eskatu ziotela, "nonbait txosten horietan oinarritu baita alkate anderea aipatu erabakia hartzeko". Halaber, herriko beste lorategien azterketa egiteko ere eskatu zutela azaltzen dute, "horrela Olaso fundazioko lorategietan aurrera eramandako ekimen bera herriko lorategietan ere martxan jarri ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak