Bakoitza bere txosna edo aterpean zein kantinen edo salmenta postuen inguruan, bazkari berantiarra prestatzen ziharduten arratsaldeko hirurak aldera bergarar koadrilek –okela, otarraina, oilaskoa, errusiar entsalada…– edo bazkalostean kontu kontari –edo kantari– zebiltzan gogotsu. Helduen koadrilak ziren gehienak, guraso eta seme-alaba txikiak, baina gaztetxo koadrila dezente ere bazen.
Udaltzainak egun osoan
Ohiko ekitaldiekin hasi zen erromeria; gurdiaren igoera; meza, gero; eta dantza emanaldia, udal ordezkarien ohorezko aurreskuarekin. Eguerdian, giroa goibeltzearekin batera, oinez beherako bideari ekin zioten hainbat herritarrek, baina oraindik beste asko geratu ziren. Kantina inguruan kantu herrikoiak abesten batu zen jende kopuru polita.
Errepidea norabide bakarrekoa da domekan, eta udaltzainak 22:00ak arte dira bertan egotekoak, arazorik egon ez dadin.
Aldarrikapenetarako unea ere egon da. Izan ere, Libre taldeak deituta, Aitziber Plazaola Xibo-ren aldeko aldarria egin dute hainbat herritarrek kanpan bertan; haren aurkako epaiketa irailean hasiko da.
Iluntze aldera, sokatira arrakastatsua egin dute gazte eta helduek. Euria goitik behera egin arren, gogo onez ibili dira eta erakustaldi polita egin dute.
Aitziber Plazaola Xibo-ren aldeko aldarriko unea.