Labegaraietako aisialdi gunea indartzeko, ziburu berriak

Irati Goitia 2014ko uzt. 4a, 15:07

Tirolina jartzeko erreka ondoan egin duten zuloa.

Labegaraietako aisialdi guneko lanak hasi dituzte asteon. Bi ziburu berri eta bi pin-pon mahai jarriko dituzte. Uztailaren erdialderako amaituko dituzte lanak.

Makinak zuloak egiten hasi dira zelaian, bi ziburu berri jartzeko: 50 metro luze izango den tirolina (bi ume batera joateko modukoa) eta piramide formako sarea. Horiez gain, bi pinpon mahai ere jarriko dituzte. Uztailaren erdialderako lanak amaituta egotea aurreikusten da eta aurrekontua 30.000 euro ingurukoa izango da.

Labegaraieta, aisialdi gune

"Labegaraieta aisialdia bideratzeko oso espazio polita izan daitekeela ikusten dugu", adierazi du Leire Iruin zinegotziak. Guneak erabilera asko eta aisialdirako belargune handiak dituela esan du, eta bidegorritik bizikletaz bertara joateko bide ona dagoela nabarmendu. Hala, jende asko erakartzen duen espazioa dela dio, batez ere, asteburuetan. Eta berau indartzeko jarriko dira ziburu berriak. "Egun dauden saskibaloi, eskubaloi, tenis edo futbol pistekin; aisialdirako gune berriarekin; zelai guneaz; eta piraguentzako gunearekin, osotasunean, oso espazio txukuna geldituko dela ikusten dugu", gaineratu du Iruinek. Piraguentzako guneko lanak zatika egiten dabiltza. Aurten, heskaia (seto) moztu eta baranda jarriko dute. Hein batean, uretarako sarbidea hobetuko dutela zehaztu du Iñaki Ugarteburu kirol teknikariak. Ez dago finkatuta lan horiek noiz egingo dituzten.

Auzotarren ekarpenekin

Piraguentzako guneko lanak Beti-Busti elkartearekin batera adostu ziren. Bada, orain hasi dituztenak egiteko auzotarren iritzia jaso nahi izan du Udalak. "Ekarpenak egin dituzte eta horiek kontuan izan dira. Herri guztirako gunea da, baina nahi izan dugu bertako auzotarrez alderaketa bat egin", argitu du Iruinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak