Eibarrek Agorrosin erabiliko du entrenamendu saioetarako denboraldi osoan

Eneko Azkarate 2014ko uzt. 3a, 22:00

Iazko abuztuko partidua: Sanse eta Eibar nor baino nor gehiago Agorrosinen.

Agorrosin lehen mailako futbol zelai izango da. Hala esan genezake, oraintsu lehen mailara igotzea lortu duen Eibar KEk entrenamenduetarako erabiliko duelako Bergara KEren futbol zelaia. Uztailaren 14an hasiko du aurre denboraldia Eibarrek eta Bergaran egingo du lehen lan saioa, 10:30ean hasita.

Hiru urterako hitzarmena egin nahi dute Bergarak eta Eibarrek, baina oraindik ez daukate guztia zehaztuta. Izan ere, Eibarren hasierako asmoa zen Mondraren lehengo futbol zelaia, Garagartzako Atxabalpe, egokitzea eta hori erabiltzea entrenamenduetarako. Baina baztertu egin dute inbertsio handia eskatzen duelako.

Hortaz, Bergarakoa aukeratu dute. Baina zergatik? Hasteko, Agorrosin delako belar naturaleko inguruko futbol zelai bakarrenetakoa. 10 kilometrora dute armaginek, gertura. Eta, partidu ofizialak jokatzeko erabiltzen duen Ipuruaz gain, beste belar naturalekorik ez daukalako Eibarrek. Ipurua ondokoa belar artifizialekoa da.

Agorrosinen mantenu-lanak

Bergarak ez du dirurik zuzenean jasoko Eibarren partetik, astean bi entrenamendu saio egin dezan uztearren. Baina Agorrosin futbol zelaiaren mantenuaz arduratuko dira Eibarreko zelai zaintzaileak. Eta, horretaz gain, aurten zelaia jaso eta hainbat egokitzapen lan egin dituzte, "milioi askoko inbertsioa" Bergara KEtik adierazi dutenez.

Eibar-Racing abuztuaren 2an

Horretaz gain, Agorrosinen anai arteko futbol partidu bat antolatzeko konpromisoa hartzen du Eibarrek eta partidu horretako sarrerako dirua Bergararendako izango da. Aurten, Santanderreko Racing izango da Eibarren kontrarioa. Abuztuaren 2an jokatuko dute, 19:00etan. Kantabriarrek 2. Mailan jokatuko dute 2014-2015 denboraldia. Maiatzean lortu zuten igoera.

Azken urteotan Eibarrek, tarteka-marteka erabili du Agorrosin entrenamendua egiteko; astean behin, batzuetan. Aurrerantzean, elkarlan hori indartu eta, gutxienez, bitan entrenatzeko asmoa agertu dute armaginek eta hala hitzartuko dute bi klubek.

Udako entrenamenduak

Eibarrek, esan bezala, uztailaren 14an, astelehena, hasiko ditu entrenamenduak. Uztailaren 14, 16, 18, 22, 23 eta 24an egingo ditu Agorrosinen, 10:30ean hasita. Gaizka Garitanoren mutilek abuztuko hiru astetan ere Agorrosinen entrenatuko dute. Eta, urtean barrena, astean bitan.

Bergara Hiria

Bestetik, eta Eibar albo batera lagata, Bergarak Lekeitioren aurka hasiko ditu aurre-denboraldiko lagun arteko partiduak. Uztailaren 23an, 11:30ean, Agorrosinen jokatuko dute bergararrek. Eta abuztu amaieran Bergara Hiria jokatuko da. 29, 30 eta 31n. Honako partidu hauek jokatuko dira:

  • Abuztuaren 29an, 18:30: BKE-Antzuola.
  • Abuztuaren 30ean, 18:00etan: UDA-Mondra.
  • Abuztuaren 31n, 18:00etan: Finala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak