Emanaldia lasai hasi zuten Azkaiterrek eta Gaizkak, Lainoko afaldu berri zeuden ikusleei afaria digeritzera laguntzeko prest. Hala ere, gutxi kosta zitzaien betiko dinamikan sartzea aho soinuaz eta atzo bereziki soinu goxoa zuen gitarrarekin. Tremolo efektuaren itzalpean Azkaiterren gitarrak blues erritmoak bata bestearen atzetik jaurtitzen zituen eta Gaizkaren armonikak, diskoan garrantzia eta protagonismo handia duenak, dotoreziaz jarraitu zien Grestch gitarraren oihuei.
Diskoaren hamaika kantuak jo ez zituzten arren, estreinako lanaren errepaso luze eta sakona egin zuen bikoteak. Esan bezala, blues erritmoek agindu zuten, besteak beste Zure xarma, Bluesaren bide luzea edo Astelehen trumoitsuak kantuekin. Hala ere, ohiko bezala, funky zein bossa nova doinuek edo Cramps estilora egindako erritmo lizunek ere tartetxoa izan zuten Lainon.
Zamburleiker diskoaren bira amaitutzat eman zuen Azkaiterrek aspalditxo. Hala ere, Jantzi peluka eta kaleratu berri duten diskoan berriz ere grabatu duten Orioko itsas ertzean-Ottis Reddingen Sittin' on the dock of the bay- kantuak jo zituzten. Familia giroan joan zen kontzertua eta oraingoan gainera, eguraldi onak kontra egin zuen, skatepark kanpoan barruan baino jende gehiago zegoen eta.
Horri ordea aurre egin zion Behi Bi Bluesek, eta Gatzelupeko Hotsak disko etxeak kaleratutako diskoaren kantuak hainbat bertsiorekin tartekatu zituzten. Beste batzuen artean Bill Halley-ren Rock around the clock, Rolling Stones ingelesen Honky Tonk Woman edo amaitzeko jo zuten Stray Cats-en Rock this town. Jaia borobildu eta amaitzeko Juanjo festara batu zen eta lagunarteko jam saio bat egin zuten.