Blues, soul, funky eta swimg doinuak entzungai uztaileko egubakoitzetan

Ane Elordi 2014ko eka. 27a, 16:38

Hamalaugarrenez egingo da aurten Berumuga jaialdia. Urteroko ohiturak jarraituz, uztaileko egubakoitz guztietan kontzertuak izango dira Bergarako Espoloian.Uztailaren lauan emango diote hasiera egitasmoari eta uztailaren 11n, 18an eta 25ean musika eskaintza zabala izango da Bergaran. Musika beltzaz gozatzeko aukera izango dute Espaloira gerturatzen diren bergararrek. Uztaileko lau iluntzetan ohiko musika eskaintzaz arago doazen ikuskizunak izango dira, doan.

Blues eta rock doinuekin emango diote hasiera egitasmoari. Iazko edizioa ere blues doinuekin hasi zen, ordukoan Bergarako Belceblues taldeak ireki zuen jaialdia. Aurten Jimmi Barnatan & The Cocooners taldearen emanaldiak emango du jaialdiaren irekiera.


Uztaileko egubakoitzetan soul, funky, blues eta swing doinuak entzuteko aukera izango da. Aurreko edizioetan bezala zenbait herrialdeetatik etorritakoa punta puntako taldeak arituko dira Bergaran. Musika beltza jorratzen duen proposamena zabala eta aberatsa izango da. Aurreko edizioetan bezala blues musikaren euskal ordezkapena ere izango du jaialdiak.


Jimmi Barnatan


Santander eta New York artean hazitako abeslaria da, txikitatik kultura eta musika estatubatuarra barneratu ditu, eta berak sortutako musikan eragina dauka horrek. Bergaran, Room 13 izeneko azken diskoko kantak izango dira entzungai. Abeslariaren estudioko hirugarren diskoa da, eta zinema eta musika bateratzen ditu, besteak beste, El Gran Wyoming eta Jimmi Barnatan berak interpretatutako irrati nobela baten sei lokuzio biltzen ditu lanak. Karisma eta bluesman ahotsa dituen abeslari bezala definitzen dute bakarlariaren jarraitzaileek.
The Cocooners talde kantabriarra izango du lagun oholtzagainean, elkarrekin egin baitutte azken lana. Jimmi Barnatanek ahotsa jarriko dio ikuskizunari eta bateria, baxua, pianoa eta gitarrak lagunduta egingo du agerraldia Espoloian.
Abeslari sortzailea da eta etengabe dago lanean. Azken proiektua zenbait musikarirekin elkarlanean grabatuko du gaur, La Fuga, M Clan eta Burning taldeeko kideekin.

Bilboko seikotea


Travellin' brothers izeneko seikote bilbotarrak uztailaren 18an egingo du emanaldia Espoloian. Familia giroan sortutako musika taldea da eta 2014ko otsailean seigarren diskoa aurkeztu zuen. Orain, Sextet biraren baitan kontzertua eskainiko du Bergaran. Talde gaztea den arren 600 ikuskizunetik gora eskaini dituzte dagoeneko.
Estatu eta Europa mailan ezaguna den taldea da, areto eta jaialdi askotan aritua. Ikusteko aukera izan dutenek, "bizitza eta musikaren ospakizun" bezala sailkatzen dituzte emanaldiak; izan ere, taldearen ezaugarri nagusiak dira bizitasuna, kalitatea eta baikortasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak