Besoak jasotzeak urtetan egindako lana saritzen duenean

Xabier Urtzelai 2014ko eka. 25a, 11:13
Eneko Lizarralde, Tolosako zuzenean, helmuga gurutzatzen. Argazkia: Lokatza.

Eneko Lizarraldek (Bergara, 1993) ez du Tolosako San Frantzisko kaleko zuzena zati batean ahaztuko. Oraindik ere urratuta izango du eztarria, atzo, martitzena, Jose M. Anza memorialeko helmuga lehenengo postuan zeharkatu zuenean amorruz betetako oihua bota ostean. Izan ere, halako garaipenek zentzu apur bat handiagoa ematen diote gazte hauek aukeratu duten bizitzeko moduari: pedalei eragiteko bizi. 

Bergarako txirrindulariak esprintean Arnau Sole utzi zuen atzean, ez zen nolanahiko kontrarioa, duela hilabete batzuk Gorlan azkarrena izan zelako Caja Ruraleko mutila. Baina lehia beste askorekin ere izan zuen, azken esprint horretan hamabi lagunek egin zutelako denbora bera –tartean ziren Gipuzkoako taldekide Alain Gonzalez eta Sergio Rodriguez. 

Hala, Gipuzkoa taldeko ziklistak dagoeneko estreinatu du afizionatu mailako palmaresa –gazte mailan lortu zuen garaipenik– 114 kilometroko lasterketan Altzo –birritan– eta Oreindaingo mendateak gainditu ostean lehenengo gurutzatu zuen Tolosako helmuga. Hala, iluntzean bertan sare sozialetan azaldu zuen garaipenari esker bizi izandakoa: "Bizitzan momentu askotan planteatzen dituzu gauza asko, aurrera egin ala ez, hiru urtez 23 urtez azpikoetan ibiltzeak askorako ematen du-eta, askorako. Eta zalantzak izaten dituzu, horrenbeste esfortzuk, halako lanak zerbaitetarako merezi duen ala ez. Baina, halako batean lan horrek saria jasotzen du: oihu egiten duzu, hustu egiten zara, eta poztasunez lehertzen zara".

Urteak pasa dira Debagoieneko txirrindulari batek afizionatu mailan lasterketa bat irabazi zuenetik, eta Lizarraldek jaso du saria, izan ere, Lokatzako harrobiko txirrindularia Ponferradan egingo duten Espainiako Txapelketan izango da asteburuan, Euskadiko selekzioa ordezkatzen. Gipuzkoa taldeko ordezkariaz batera izango dira Iker Azkarate (Caja Rural), Ander Barrenetxea (Ibaigane Opel), Imanol Estevez (Zirauna-Infisport), Egoitz Fernandez (Lizarte), Alain Gonzalez (Gipuzkoa), Jon Ander Insausti (Gipuzkoa), Pello Olaberria (Fundacion Contador), Ander Plazaola (Lizarte) eta Aitor Rey (Seguros Bilbao).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak