Imanol Epelde: "Testu hutsa ez den edozeri harrera ona egiten diote gazteek, eskertzen dute"

Ane Elordi 2014ko eka. 17a, 12:12

Euskara irakaslea da Imanol Epelde zarauztarra, eta sortzailea ere bai. Afizioa ditu musika eta, bereziki, rapa; bere azken proiektua da Etxepare rap: euskal literatura eta rapa uztartzen dituen ikuskizuna. Literatura testu, musika eta ikus-entzunezkoez osatutako emanaldiak egiten ditu. Gaur, Bergarako kartzela zaharrean izango da, 19:00etan, Zibergara taldearen eskutik.

Nola sortu zen euskal literatura eta rapa uztartzeko ideia?
Literatura irakatsi behar nuenean, ikasleak beldurtu egiten zitzaizkidan, astuna zelako eta buruz ikasi beharrekoa. Orduan, modu erakargarrian irakatsi behar nuela erabaki, eta hortik sortu zen literatura doinu garaikideekin nahasteko ideia. Testu hutsa ez den edozeri harrera ona egiten diote gazteek, eskertzen dute. Ondorioz, euskal literaturaren ibilbidea laburtuko zuen bilduma egitea otu zitzaidan, garai desberdinetako hamar kanturekin osatu nuen errepertorioa.


Noiz sortu zen Etxepare Rap?
Duela hiru edo lau urte ekin nion proiektuari; hasieran, euskara eskoletarako prestatzen nituen kantak. Gero, ikus-entzunezko edukiak sortzen hasi nintzen, bideoklipa egin nuen eta 2013ko abenduan oholtzara egin nuen jauzi, Etxepare Rap saioarekin.


Nolakoak dira zure emanaldiak?
Antzerkia, bideo proiekzioak, irudiak, testuak eta musika daude. Euskal literaturaren errepasoa egitea izan da asmoa, baina gure buruaz barre egiten, ez daukagulako Cervantesik edo Shakespearerik. Baina Machu Pichurik eduki gabe ere gure Trikuharriak maite ditugu.


Oholtzara igotzerakoan nola definitzen duzu zure burua?
Agertokietan Imanol Epelde 27 Zapata bilakatzen da, izen artistikoa jantzita taularatzen naiz. Blogak ere izen bera du, eta Etxepare Rap saioaren izena da.


Zibergara taldeak antolatuta, gaztetxean egingo duzu emanaldia.
Hala da; gustura arituko naiz kartzela zaharrean. Zibergara taldeko batzuk ezagutzen ditut, eta beste batzuekin harremana dut, Twitter bidez bada ere. Bergarako gaztetxeak egiten duen lana aberatsa da; besteak beste, irratia eta ekitaldiak. Pozik hartuko dut parte.


Etxepare Rap egitasmoa jendaurrean aurkezten hasi zinenean, arrakastatsua izatea espero zenuen?
Inoiz ez da jakiten egiten denak nolako harrera izango duen. Blogean idaztea bezela da, ez duzu erantzunik espero eta baliteke jasotzea. Nik gustura egiten dudan lana da, iruditzen zitzaidan jendearen gustukoa izango zela, eta izaten ari den oihartzunarekin pozik nago. Gainera, jendaurrekoarekin beste pauso bat eman dugu, askotariko edukiekin sortutako emanaldia delako.


Antzeko beste proiekturik badaukazu gogoan etorkizunari begira?
Bai, egia esan, asko dira ditudan ideiak. Oholtzan ni azaltzen naizen arren, talde lana da, gogotsu gaude. Oraingoz, honekin nago, baina sortuko dira berriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak