Urtero legez, Bergarako San Martin eta Munibe plazak saskibaloi partiduz eta zalez beteko dira. Izan ere, asteburuan Hiruko Saskibaloi Lehiaketa jokatuko da eta antolatzaileek ekintzaz jositako egunak prestatu dituzte.
Egitaraua
Eguaztenean emango diote hasiera aurtengo edizioari, Coach Carter filmarekin. Arratsaldeko zazpietan jarriko dute ikusgai Zabalotegi aretoan eta sarrera dohainik izango da. Zapatuan hasiko dira hirunako saskibaloi partiduak San Martin plazan. Goizeko hamarretan infantilek eta kadeteek jokatuko dute eta arratsaldeko lauretan, berriz, juniorrek eta seniorrek. Ondoren, afaria egingo dute eta Marian Mellado Bergara KEko lehendakariak dioenez, "oso giro ona sortzen da, iaz, esaterako, 85 pertsona inguru bildu ginen. Gainera, kanasta bat ere jartzen dugun, umeek bertan jolastu dezaten". Domekan txikienen eguna izango da, eta, goizeko hamarretan hasita, benjaminek eta alebinek jokatuko dituzte hiruko partidak. Saskibaloiaz gain, txosna bat ere izango da eta Munibe plazan puzgarriak jarriko dituzte. Giro ederra izango da, beraz, Bergarako kaleetan.
Izen ematea
Urtetik urtera ezagunagoa da Bergarako Hiruko Saskibaloi Txapelketa eta bertako zein kanpoko talde asko urtero etortzen dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 18a izango da eta antolatzaileek, gutxienez, iazko talde kopuruari eustea espero dute. Izen-emate orriak banatu dituzte dagoeneko. Txikienek eskoletan bertan eman ahal izango dute izena, eta gainontzekoek polikiroldegian edo Berkara KEren webgunean bertan.
Laguntzaileak
Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta berrikuntza batekin dator. Antolatzaileek La Caixarekin hitzarmena sinatu dute ekimenaren babesle izan dadin eta erakundeak bost euroko diru laguntza emango dio elkarteari eta parte hartzaileei, bertan irekitzen duten kontu bakoitzeko. Gainera, 16 urtetik beherakoek Port Aventurarako sarrera bat jasoko dute. Babesleen laguntzaz gain, gurasoena ere bereziki eskertu nahi izan dute antolatzaileek, haiek gabe ez bailitzateke posible izango ekimena antolatzea.