Asteburuan hasi dituzten Bergarako gaztetxearen hamalaugarren urteurreneko ospakizunak ez ziren modurik onenean hasi: aspaldian euririk egin ez duenez lurra oso siku zegoen eta segurtasun kontuengatik, bertan behera geratu ziren egubakoitzeko suzko erruberak. Gaztetxeko kide Aitor Narbaizaren esanetan baina, asmoa da datorren astean egitea.
Kale egin ez zuena, Imanol Ituño magoa izan zen. Antolatzaileen esanetan, ikusle kopuruari dagokionez, jende asko gerturatu zen Ituñoren magia ikuskizunera, eta honek zur eta lur utzi zituen bere trukoekin. Ikusle ugari atera zituen agertokira askotariko trukoetan laguntzeko, eta horretan ere ondo erantzun zuten ikusleek.
Afari-tertulia
Atzo bestelako gaiak izan zituzten gaztetxean. Azken asteotan hainbeste zeresan eman duen Bartzelonako Can Vies gune sozial autokudeatua barrutik ezagutzen duten gonbidatuak izan zituzten, eta hango errealitatearen berri jasotzeko aukera izan zuten gaztetxeko patioan afaldu bitartean: Can Vies zer izan zen, kaleratzea nola bizi izan zuten, egun egoera zein den...
"Uste dut asmatu dugula formatuan, izan ere gertuko afari bat eginda, giro goxoan, eurak lasaiago ibili ziren gauzak azaltzeko orduan, baita ere gu galderak egiteko orduan ere" dio Aitor Narbaizak.
Gaur umeen eguna izan da, eta etxeko txikiek ederki pasatzeko aukera izan dute. Ekintzetan eta bazkarian jende dezente egon da, eta gurasoen asanbladak ere hartu zuen parte bertan.
Ekitaldi gehiago
Hamalaugarren urteurreneko ekintzek astean zehar ere jarraituko dute gaztextean. BIhar, Zeinek hitz egiten du Nafarroaren izenean? hitzaldi-solasaldia egongo da Erlantz Urtasunekin. Martitzenean, Zibergara: urtebete saretzen hitzaldi-solasaldia egongo da, eta gero kontzertua, Imanol Epelderen Etxepare Rap proiektuarekin. Eguaztenean Emozioak antzezten izeneko tailerra egingo dute, eta eguenean, pintxo-poteo girotua egongo da hasita. Ekitaldi guztiak 18:00etan hasiko dira, kontzertua eta pintxo-poteoa kenduta (19:00etan hasiko dira).