"Ondo nago, finala jokatzeko irrikan", adierazi du aste barruan. Finalerdia jokatu zuenetik ez da zuriz jantzi, baina ondo entrenatu da: "Aspaldian eskuetatik ondo nabil. Akaso, finalerdia eta gero beste partidu bat jokatzea ondo etorriko litzaidake, baina Bergarako jaietakoa, esaterako, finaletik gertuegi zegoen. Ondo entrenatzeko aprobetxatu dugu denbora tarte hau".
Azken entrenamenduetan zeri eman dion garrantzia ere azaldu du: "Ibai Zabala eta biok atzelariak gara, eta badirudi aurrelariok baino tanto landuagoak jokatu behar ditugula, pilotakada gehiagokoak. Gauza bat da partidu aurretik zer entrenatzen dugun, eta beste bat partiduan zer irteten den. Baina, esaterako, sake-errematea entrenatzen ibili naiz, eta airetik ere min eman dezakedala uste dut. Gero, baina, ikusi egin behar partiduan zer egiten dugun".
Kontrarioaz "harrituta"
Rezustak bertatik bertara jarraitu zuen Ibai Zabalak eta Victorrek jokatutako finalerdia: "Harrituta geratu nintzen. Ideiak oso garbi eraman zituen Ibai Zabalak, eta oso partidu ona egin zuen. Sakez min egin zuen, pilota ondo gurutzatu zuen hormara... Kontrario gogorra izango da".
Partidu amaieran, gainera, finalean aurrean izango duenaz berba egiteko aprobetxatu zuen: "Komentatzen ibili ginen ordua zela bi atzelari finalean ikusteko. Oraingoa bigarren mailako finala izango da, baina ea lehenbailehen ikusten dugun halako final bat, baina lehenengo mailan".
Bergarakoak, seguru, zale mordoa eramango ditu etzi Tolosara, gustuko duen frontoira: "Frontoi ona da hura, eta asko entrenatu naiz bertan. Ez daukat inongo aitzakiarik".