Debagoieneko kilometroak antolatzen ibilitako Gure Esku Dagoen ordezkariek ere hitza hartu dute; besteak beste, Barakaldoko eta Oñatiko ordezkariak. Eurek ere "esker oneko" hitzak izan dituzte parte-hartzaileendako eta boluntarioendako. "Lantalde hauek sentsibilitate ezberdineko herritarren elkargune bihurtu dira, eta horrek garrantzia handia ematen dio gure bideari", esan dute.
San Martin plazako ekitaldia bukatzeko Gure Esku Dagoren kantua abestu dute herriko hainbat ordezkarik. Emon taldeko Aritz Alustizak egindako moldaketarekin, plazan zeuden gainerako herritarrak kantuan ipintzea lortu dute.
Eta hori guztiori grabatzen Mikel Laskurain. "Japonesendako" lan baterako.
Giroa kalean
Bergarara joandakoek kalea berotu dute eguzkiaren laguntzarekin. Kantuan eta dantzan ibili dira. Koadrilaka. Eta ez dute hutsik egin Goseren eta Esne Beltzaren kontzertuetara.
Familiendako gunea ere lepo bete da. Irrien Lagunen txokoan eta apar festan etxeko txikienak izan dira protagonista. Emon bergararrekin dantzan egin dute askok, eta errekortadore txapelketarekin gozatu dute.
Egun borobila, hasieratik bukaerara.