Eguraldiak laguntzen dihardu eta hori igarri egiten da. Erraldoien konpartsek eguerdian zein arratsaldean egindako kalejirek ere jende asko erakarri zuten; eta baita txosnetan egindako bazkariak, eta arratsalde partean izandako errekortadoreen erakustaldiak eta San Martzial bidean egindako goitibehera txapelketak. Iluntzetik musika izan zen nagusi jai gune guztietan.
Azken horretan istriputxoren bat edo beste egon bazen ere, ez zen ezer larririk gertatu, eta Sestaoko Paniaguak eta Kastresanak irabazi zuten lehia.
Gauean, txosnetan askotariko estiloak izan ziren; soinu kubatarrak lehenengo, eta rocka orduek aurrera egin ahala. Zezen-plazan Amaia Txintxurretak gaztetxoak jarri zituen dantzan. Eta San Martin Agirre plazan, azkenik, Iparraldera bidaiatu zuten han batutakoek. Jendez lepo bete zen plaza, eta asko eta askok zutik jarraitu behar izan zuten kantaldia.
Balorazio oso positiboa
Kultura zinegotzi Leire Iruinek orain artekoaren oso balorazio positiboa egin du; horren harira, parte-hartzea nabarmendu gura izan du. Gaineratu du Pazkoak ez direla amaitu, eta zer egiterik badagoela oraindik gaur eta bihar, Bergaran.