PAZKOAK 2014

Pazkoak hasi dira eta kolorez jantzi da Bergara

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 7a, 11:52

Bergarako San Martin Agirre plaza, jendez eta kolorez beteta.
Reyes Azkoitiak botatako txupinarekin eta Bitorianatxoren jaitsierarekin, atzo iluntzean hasi ziren Bergarako jaiak. Eguraldi ezin hobea lagun, umore ona eta festa giro aparta nagusi dira harrez geroztik. Pazkoetako lehen orduetan, gutxienez, jendetza ibili da herriko kaleetan.

Reyes Azkoitiak, Bergarako pilota entrenatzaileak, izan du jaien hasierako txupina botatzeko ohorea aurten, eta halaxe egin zuen atzo, irribarrea ahotan, ia ailegatu ezin-eta suziria pizteko aulki batera igo behar izan bazen ere. Tradizioari jarraiki, bolaua urarekin edan, eta jai zoriontsuak opa zizkien bergarar guztiei.

Txupinazoaren ondotik, goitik behera abiatu zen Bitorianatxo eta, jaitsiera burututa, hark ere egin nahi izan zituen hitz batzuk: krisiaren ondorioz-edo, blusa asko errepikatuta ikusten zituela esan zuen, baina ez diola inporta, garrantzitsuena ondo pasatzea delako.

Jendez eta kolorez beteta zegoen Bergarako San Martin Agirre plaza ordurako, eta are gehiago koloreztatu zen Reyes Azkoitiaren laguntzaile txikiek, hau da, pilota eskolako umeek, baloiak eta serpentinak bota zituztenean udaletxeko balkoitik.

Jendetza herrian barrena zabaldu zen ostean eta festa nagusi da orduz geroztik.

Gaur goiza ere badoa jai itsura hartzen, apurka-apurka: udaletxeko arkupeei bakailao usaina darie, esate baterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak