PAZKOAK 2014

Reyes Azkoitiak txupinazoa botata hasiko dira gaur Pentekosteak

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko eka. 6a, 08:11

Reyes Azkoitia, Leire Iruin eta Blanca Narbaiza.
Plazan Imuntzo eta Beloki eta txosnetan Glaukoma, Kashbad eta Adams Party egongo dira gaur, lehen jai egunean. Bost eguneko jai egitarauak askoz ere ekitaldi gehiago jasotzen ditu, ordea, eta tartean badira berrikuntzak: erraldoien topaketa, 'Iparraldea Bergaran' kontzertua eta Gure Esku Dagoren giza katea.

Guztia prest dago gaur, egubakoitza, 20:00etan, jaiei hasiera emateko. Reyes Azkoitiak botako du aurten txupinazoa udaletxeko balkoitik, eta, Seminarioko teilatutik jaitsi ostean, ondoan izango du Bitorianatxo –Blanca Narbaizak emango dio bizia aurten ere–. "Harriduraz hasieran", baina "pozik" hartu zuen Azkoitiak txupinazoa botatzeko Udalaren eskaria. Pazkoak gustuko ditu eta martitzenera arteko egunak kalean ekitaldiez gozatzen igaroko dituela aurreratu du. Eta hori opa die herritarrei ere: "Jaiak ondo pasatzea, disfrutatzea".    

Denendako moduko egitaraua

Jaietako zapia lepoan jarri eta denendako moduko egitaraua antolatu dute Udalak zein Herri Mugimenduak jaiez disfrutatzeko. Eta eguraldiari dagokionez ere, iragarpenak onak dira –askok gogoan dituzte iazko euriak.

Gau eta egun euskara lagun leloa darama aurtengo jaietako zapiak, eta, tabernetan eskuragarri badago ere, gaur eta bihar postua jarriko du Jardun euskara elkarteak San Martin plazan. Zapiak hiru eurotan eskura daitezke.

Aurtengo berrikuntzei dagokienez, bereziki hiru azpimarratu ditu Leire Iruinek, Kultura zinegotziak: batetik, zapatuan egongo den erraldoien topaketa: "Erraldoien konpartsak Kataluniako talde batekin egindako elkartruke batetik abiatuta, hango konpartsa bat etorriko da eta Mutrikuko eta Hernaniko bana ere bai. Eta bi kalejira egingo dira, gainera, goizean eta arratsaldean". Zapatu gauean, 23:00etan, San Martin plazan egongo den Iparraldea Bergaran emanaldia ere azpimarratu du: "Ohiko erromeria barik, eserita lasai entzuteko kontzertua izango da Iparraldeko zenbait bakarlarirekin. Aulkiak jarriko ditugu plazan".

Eta, nola ez, domekarako Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza katea ere izan du gogoan: "Egun ederra izango da. Kanpotik jende asko etorriko da, Bergara egun horretako gune garrantzitsuetako bat izango delako. Ekintza asko egongo dira, eta horrek guztiak Pazkoekin bat egitea oso polita izango da".   

Txosnagunea ere dotore

Txosnagunea izango da, urtero bezala, jaietako gune nagusietako bat, eta askotariko ekitaldiak egongo dira bertan gaur, 20:30ean, hasi eta martitzenera arte. Hiru txosnak, lasai jateko mahaiek eta aulkiek eta agertokidun karpak osatuko dute gunea. Udalak San Martin plazan jarriko duen txosna ere haiei egokitu zaie.

Zazpi eragilek jardun dute  guztia prestatzen: "Egun guztietara zabaldu dugu eskaintza eta egitarau euskaldunaren bila joan gara", esan du Aitzol Gandiagak, Herri Mugimenduko kideak.

Glaukoma, Kashbad eta Adams Party taldeekin abiatuko dute egitaraua, gaur, 23:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak