Arregi eta Rezusta bergararrak, kirol lorpen handiak eskuratzeko atarian

Xabier Urtzelai 2014ko eka. 6a, 06:00

Rezusta eta Arregi bergararrak.
Bergararrak dira biak, eta kirolari profesionalak. Eurak, baina, kirolari apalen multzoan daude. Telebista fokuek itsutu barik profesional modura lehenengo urteak egiten dabiltza, alegia, kirol ibilbide luze baten ametsean, hasierako harriak jartzen.

Aitor Arregik (Bergara, 1990) ospakizunetan eman du astea; Eibarko taldeaz Lehenengo Mailara igo da, eta jaia barru-barrutik bizitzen dabil; joan den astean Lugoren kontrako garaipenean 90 minutuak jokatu zituen Ipuruan. Eta, epaileak partiduaren amaiera adierazi zuenean Eibarko jai eroan murgildu zen bera ere. Azken asteotan iritsi zaio orain arte izan ez duen protagonismoa, berdegunekoa, jokalariek gehien amesten duten hori. 

Baina, joan den astean Goienari aitortu moduan, ez dira igoeraz konformatzen, txapeldun izan nahi dute: "Ez dugu bigarren postua sinatzen". Pauso batera dute balentria hori, eta asteburuan Numantziari irabazi egin beharko diote horretarako. Aurrerago egongo da astia etorkizunaz arduratzeko. 

Rezusta, finalaren zain 

Beñat Rezusta (Bergara, 1993) sekulako denboraldia egiten dabil. Lehenengoa du Aspeko pilotari moduan, eta konturatu orduko, urteko bigarren finalaren atarian da. Finalera bidea, baina, partiduz partidu egiten da, eta horietako askotan erakutsi du kontrarioak goitik behera menderatzeko gauza dela, bai ezker eskuaz pilotari ematen dion moduagatik, edo baita kantxatik mugitzeko duen azkartasunagatik.

Rezustak Arregik baino astebete gehiago itxaron beharko du ospakizunetan murgiltzeko. Lehenago, baina, Ibai Zabala izango du zain, finalean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak