Pentekoste jaiek ez ezik, Azoka Bergaratzen prozesuak emango dio hasiera hilabeteari. Ekaina bukatu arte, baina, kirol hitzorduak, hitzaldiak, antzerki emanaldiak... adin eta zaletasun guztietara egokitzen den gida izango da ekainekoa.
Oihulari Klown herriko taldeak Desorientadas antzezlana taularatuko du hilaren 20an. Betiko moduan, musikak ere bere tokitxoa izango du, eta, Udal Bandaren ohiko emanaldiaz gain, hilaren 9an Pazkoetako kontzertua eskainiko du. Gaztetxoek, aldiz, DJ jaialdia izango dute 21ean.
Bergaratzen prozesu parte-hartzaileak ere bilerekin jarraituko du, baina Oxirondo azoka hasi da ekintza berriak hartzen. Hileko lehen eguaztenean, adibidez, baserritarren azoka egingo da bertan lehen aldiz.
Kanfekonpon, Behi Suharraren Eguna, fardel berrerabilgarrien inguruko hitzaldia... adin, gustu eta interes guztientzako hitzorduak batzen ditu ekaineko kultura gidak.
Kirola nagusi
Hilabete honetako gidak kultura eta kirola etsaiak diren mitoa ere birrintzen du. Horregatik, kirolak tarte berezia izango du datozen 30 egunotan. 14an Moto-kros entrenamendu eta txapelketa izango da Angiozarrerako bideko zirkuituan. Hurrengo egunean, 78. San Antonio txirrindulari sariaren txanda izango da eta 20an, aldiz, gimnasia erritmikako neskek erakustaldia egingo dute Labegaraietan. Saskibaloizaleek hitzordu bikoitza izango dute 21ean eta 22an.
Bada, ekaineko kirol protagonista pilota izango da. 6an Udaberri saria jokatuko da Udal Pilotalekuan. Horren ondoren, 13an, 20an, 22an, 27an eta 28an eskola txapelketaren txanda izango da; bertakoa den arren, askorentzat ezezaguna den pilotara gerturatzeko hilabetea izango da.
Jaien hilabetea
Dudarik gabe, ekaineko jairik ezagunenak dira Pentekosteak, baina, Bitorianatxorekin batera ospatzen dituzten jaiegunez gain, herriko auzoek ere euren festa egunak ospatuko dituzte hilabete honetan.
Elosua auzoan Otabak ospatuko dituzte 22an. Bi egun geroago, San Juan auzoan, bertako zaindariaren egunean, jaia izango da. 29an eta 30ean, aldiz, San Pedro eta San Martzial jaien txanda iritsiko da.
Herritarren gusturako, hilabetea jaiekin amaituko da; egun hori iritsi arte, baina, gidako proposamen erakargarriek beteko dituzte gainontzeko egunak.