Bergarako ertzain-etxeko agenteek bi gidari atxilotu zituzten atzo, martitzena, bide-segurtasunaren aurkako delituak egitea egotzita. Agenteek gelditu egin zituzten "ausarkeriaz gidatzeagatik", eta, gainera, ustez substantzia estupefazienteen eraginpean gidatzeagatik ere inputatu zituzten. Agenteen esanetan, autoetako bateko gidaria marihuana erretzen ari zen.
15:30ean izan zen gertaera. Bergarako Ibargarai etorbidean zegoen patruila batek pneumatikoen kirrinka-hotsa entzun zuen eta, jarraian, bi ibilgailu "oso-oso azkar" atera ziren biribilgune batetik. Ertzainek gelditzeko eskatu zieten gidariei eta, "hasiera batean, ihes egiteko maniobrak egin bazituzten ere, azkenean, gelditu egin ziren".
Marihuana-usain handia
Segurtasun sailetik igorritako informazioaren arabera, autoetako batean (BMW bat), agenteek marihuana-usain handia nabaritu zuten; "bi marihuana-porru zeuden hautsontzian piztuta". Gidaria atxilotu egin zuten, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzita, eta kopilotuari espediente bat ireki zioten, Herritarren Segurtasunerako Legeari jarraiki, "zenbait marihuana-kukulu zituelako poltsan". Bigarren autoan (Renault Megane bat), pertsona bakar bat zihoan, eta hori ere atxilotu egin zuten, bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta.
Bi gidariei listu-testa egin zieten, substantzia estupefazienteen edo antzekoren baten arrastorik ba ote zuten antzemateko, eta bi kasuetan emaitza positiboa izan zen, Ertzaintzaren arabera.
Atxilotutako bi gidariak, 22 eta 21 urtekoak, aske utzi zituzten, Bergarako Epaitegiko epailearen aurrean deklaratzera deitu bitartean.