Urrian iritsiko da 'Peter Pan' Euskaldunara

Jon Moñux 2014ko mai. 26a, 14:52
Peter-Pan eta Hook kapitaina.
Urriaren 25ean eskainiko dute euskara hutsean egindako antzerkia, 19:30ean. Izugarrizko arrakasta izan du Euskal Herriko txoko desberdinetan Bergarako Musika Eskolako lantaldeak antolatu eta antzeztutako 'Peter-Pan' musikalak. Hori dela eta, Bilboko Euskaldunara joateko aukera aurkeztu zaie bergararrei udazkenean.

Hainbat emanaldi egin ditu Pikupe produkzioak aurrera eraman duen musikalak. Bergaran egin zuten estreinaldia orain dela urte bat baino gehiago. Bertan, hiru saio eskaini zituzten, eta harrezkero, beste zazpi emanaldi egin dituzte. Elgetako Espaloian, Elorrion, Donostiako Kursaalen, Iruñeko Baluarten eta Gasteizeko Buesa Arenan ikusi ahal izan da Peter-Pan musikala.

Istorioa haur eta gazteei zuzendua dagoela badirudi ere, antzerkiak adin guztietako euskaldunak erakarri ditu. Istorioak, antzezpenek, abestiek eta dekorazioak, hasiera-hasieratik harrapatzen dute ikuslea.

Peter-Pan antzerki honek, 120 artistatik gora ditu, eta ia denak bergararrak dira. 75 haurrek, 10 helduk eta 25 musikarik osatutako orkestrak, magiaz eta musikaz beteko dituzte Euskalduna Jauregiko txokoak, zapatu gau batean familiarekin gozatzeko saio ezin hobean.

Euskaldunarako sarrerak

Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den Peter-Pan musikalaren emanaldiak hamabost euroko kostua izango du. Euskaldunako leihatiletan, Pikupeko bulegoan, eta www.euskalduna.com, www.ticket.kutxabank.es eta www.pikupe.com webguneetan daude eskuragarri urriaren 25eko emanaldirako txartelak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak