PAZKOAK 2014

Aitor Marauri: "Kartelean teknika baino, ideia garrantzitsuagoa da"

Imanol Gallego 2014ko mai. 26a, 11:38

Aitor Marauri diseinatzailea kartel irabazlearekin.
Aitor Marauri, (Bergara, 1985) diseinatzailea da ogibidez. Egiten diharduen mila proiektuen artean beti ateratzen du bere herriko jaietako kartela egiteko denbora, nahiz eta Pentekosteetako lehiaketara ozta-ozta iritsi zen.

Ahaztu egin zitzaizun lehiaketako data?
Egia esan, proiektu ugari kudeatzen ditut aldi berean, eta Pentekosteetako kartelaren data agendan eduki arren ahaztu egin zitzaidan. Zorionez, Axier Arbulu lagunak gogorarazi zidan epea astelehenean amaitzen zela eta asteburuan egin nuen.

Zure ogibideak honetan lagundu egingo dizu.
Diseinatzaile izateak asko laguntzen du, arlo teknikoa hobeto menderatzen duzulako, baina nire ustez bakoitzaren irudimena teknika baino garrantzitsuagoa da. Teknika hasieratik bukaerara menderatu arren ez baduzu gai edo ideia on bat garatzen, ez du ezertarako balio.

Bergarako kartel lehiaketetara ez ezik kanpokoetara ere aurkeztu zara?
Bai, baina gainontzeko herrietan ez dut zorte bera izan.

Zein da zure ametsetako kartel lehiaketa?
San Ferminetakoa, ideia on bat dudanean aurkeztuko naiz.

Lehiaketa bakoitzera kartel asko aurkezten duen horietako zara?
Gustatuko litzaidake, baina bozeto asko egin eta gero, ideia bakarra garatu, eta hori aurkezten dut. Ez dakit zergatik, baina gehienetan kartela lantzen hasten naizenean burura etortzen zaidan lehen ideia da azkenean kartel bihurtzen dudana.

Teknika jakin bat erabiltzen duzu?
Ez. Aratusteetakoa adibidez, argazki bat zen, eta hau berriz, ordenagailuz egindakoa. Ideiak eskatzen dit zein teknika erabili. Pentekosteetako kartelean adibidez, bogan dagoen 'flat desing' edo diseinu laua erabili dut.

Nola burutatu zitzaizun erraldoien kartela?
Youtubetik, bertan erraldoiak ikusteaz gain herrian oso entzuna de abestia ageri zen eta hori euskaratuz sortu dut izenburua.

Egitaraua ikusita ezin da kartel aproposagoa izan.
Konturatu naiz, aurten, herriko erraldoiez gain, kanpokoak ere izango ditugula. Kasualitatea izan da, nik ez nekien ezer.

Erraldoi eta buruhandien atzetik joaten zara?
Gogoan daukat gaztetan, euren atzetik korrika ibiltzen nintzela, orain aldiz, txosnetan denbora gehiago ematen dut.

Kartel lehiaketa irabaztea diru edo ohore kontu bat da?
Zure lana herriko txoko askotan ikustea pozgarria da oso. Etxekoek, lagunek... jende askok ikusiko du nire lana, eta hori ez da diruz ordaintzen.

Gainontzeko lanak ikusi zenituen?
Noski, bergara.net webgunea ikusi nituen, eta nire gustukoena ere aukeratu nuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak