Europako Hauteskundeak

Europa "hobe" baterako "alternatiba bakarra" dela nabarmendu du EAJk Bergaran

Jokin Bereziartua 2014ko mai. 16a, 21:01
EAJk ekitaldi politikoa egin du Bergarako San Martin plazan, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren barruan. Izaskun Bilbao hautagaiaz gain, Joseba Egibarrek, Jordi Turullek (CiU) eta Andoni Ortuzarrek hartu dute hitza.

Bilbaok bi erronka nabarmendu ditu Europako hauteskundeetara begira; lehena, Euskadiren ahotsa Europara eramatea: "Gure alternatiba indarrez kokatu behar dugu Europan. Pertsonak laguntzera bideratuta dauden erakundeak behar ditugu, gizarte eredu eta eredu ekonomiko sano baten bila. EAJren eredua behar dugu han".

Era berean, Bilbaok PP eta PSOEren arteko debatea kritikatu du: "Biren arteko debatea, eskasa, itxia, meharra, tranpatia eta manipulatzailea. Gorren debatea. Antzua. Eta guri ez gaituzte han ikusi nahi".

Joseba Egibarrek, bestalde, hauteskunde guztiak "garrantzitsuak" direla esan zuen. Erabakitzeko eskubidea izan zuen hizpide, besteak beste: "Herriei eta nazioei dagokigu erabakitzeko eskubidea izatea. Hori ere badago jokoan Europako hauteskundeetan".

EAJko presidente Andoni Ortuzarren arabera Euskadi eta Katalunia "egoera ezberdinetan" daude eta "bide ezberdinak" egin behar dituzte, baina "helburu berbera" dute, biak "nazioak" direlako eta euskal herritarrei eta kataluniarrei dagokielako euren etorkizuna erabakitzea. Bilduren aurka ere egin zuen Ortuzarrek: "Bilduk bi buruhauste baino ez ditu. Lehena, herrialde honekiko eta nahi dugun Europa berriarekiko duen egitasmo gabezia ezkutatzea. Eta bigarrena, EAJri eraso egitea. Edonola. Euren obsesioa gara. Beti izan gara. Eta nola egiten dute? Gezurra esanez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak