Gero eta gertuago ditugu Pentekoste jaiak, baita egun horietako herri bazkaria ere. Aurreko urteetan egondako erreserbak saihesteko, Udalak txartelen salmenta zentralizatu du: "Salmenta kontrolatzeko eta erreserbekin amaitzeko egin dugu", dio Maider Osa Kultura teknikariak.
Gehienez, 700 pertsonarentzako txartelak aterako dira, bi koloretan, 18 urtetik gorakoak eta beherakoak bereizteko. Bazkariaren prezioa, helduentzat zein gazteentzat, 15 euro izango da. Edaria eta kafeaz gainera, menuan, entsalada, paella tradizionala eta Bergarako gozotegiek egindako goxua sartuko dira. 18 urtetik beherakoei, baina, ez zaie alkoholik zerbitzatuko antolakuntzatik eta eseri ere leku bereizian eseriko dira.
Pentekosteetako herri bazkaria ekainaren 9an izango da, 14:30ean, San Martin plazan. Euria egingo balu, Labegaraietako kiroldegian egingo da.