Erabilera askotariko gela, Angiozarren, irailerako

Eskolako eraikinaren teilatu zati bat altxatu eta bertan egingo da gela berria.
Angiozarrek espazio beharra zuen. Bertan egiten diren ekintza ugariak egiteko lokalak ez dira nahikoak eta horregatik, Angiozarko batzarrak erabilera askotariko gela bat eraikitzeko proposamena eroan zuen Bergarako Udalera.

Honek, herritarren behar eta proposamenak aztertu eta gero, gela berria eskolako teilatua dagoen tokian eraikitzea erabaki zuen, "kaleko zerbitzuak zentralizatze aldera aukera ona izan da" dio Jose Angel Mikeo Angiozarko alkateak.

Leire Iruin zinegotzia ere pozik dago lan hauekin, neurri handi batean, ekintzak antolatzeko espazio falta konpontzeaz gainera, eskolaren beharrak ere aintzat hartuko dira-eta. "Gela eskolako eraikinean txertatuko den den arren, bertakoei zerbitzua hobetzeko egin dugun proiektu bat da", aipatu du auzoetako zinegotziak, hala ere, eskola orduetan bertako ikasle eta irakasleen zerbitzura egongo da gela berria.

Gelak 59.80 metro koadro izango ditu eta espazio horretan batzarrak egiteko tokia izateaz gain, egun beheko solairuan dagoen liburutegia ere hartuko du. Udalak proiektu hau lizitatzeko 99.987 euroko aurrekontua finkatu du Bergarako Udalak.
Proiektua une honetan lehen fasean dago, eta enpresen proiektu eta proposamenen zain daude. Lanak hasteko data zehatzik ez dagoen arren, hurrengo ikasturte hasierarako guztia prest izatea espero dute bai udal ordezkariek bai herritarrek.

Eskolak ere bai

"Hurrengo urtean 7 ikasle berri hartuko ditu eskolak", argitu du Mikeok. Angiozarko eskola, txikia izan arren, zerbitzu handia ematen du, eta ikasle berri horiekin, hurrengo ikasturtean, ia 30 ikasle izatera iritsiko da.
Beste eskola batzuekin alderatuta, bertakoaren funtzionamendua ezberdina da, adin ezberdineko ikasleek espazio bera partekatzen dute-eta. Horregatik, eskola gainean egingo den gela berriak eskolarekin sarrera partekatzeaz gain, espazio berriak ekarriko duen berrantolaketak ere onurak ekarriko dizkio.

Urtetako hutsunea

Orain garatuko den proiektu hau ez da berria, "duela 21 urte eskola eraiki zenean, azaldu ziren espazio arazo hauek baina ez ziren konpondu", esan du Angiozarko alkateak. Urte horietan gainera, etxe gehiago egin diren arren, auzoko zerbitzuetara erabiltzen diren lokalek ez dute aldaketa nabarmenik izan.

"Hau ez zen gure lehen proiektua, beti izan dugu Goiko etxea behar bezala atontzeko ideia, baina orain, ezin da proiektu hori garatu", azpimarratu du Mikeok. Hala ere, Angiozar eta bertakoei zerbitzu ona emango diolakoan dago. "Egun ditugun aukerak handitzeaz gain, berriak egiteko aukera izango dugu" dio alkateak. Hau guztia baina irailetik aurrea izan beharko da, espazio berria hurrengo ikasturterako prest egongo da-eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.