Dotorezia eta berezitasuna saritu dute Bergara Biziren blogean antolatutako online argazki lehiaketan, Twitter eta Instagram bidez #bergarabizi traola-hitzarekin bidalitako argazkien artean. Eta Amaia Santorcuatorena izan da jendearendako, Bergarako I Moda Erakustaldiko argazkirik onena.
Hain justu ere, 32 boto jaso ditu @15_AmaiaSanto erabiltzailearen txioak. Bergarako komertzioetan gastatzeko 150 euroko bonua eskuratu du hark. Boto emaileen artean ere egin da zozketa eta irabazleak 50 euroko bonua eskuratu du. Leire Pinedari egokitu zaizkio 50 euro horiek.
Parte hartze handia izan da lehiaketan eta 150 lagun baino gehiagok parte hartu dute, botoak askoz gehiago izan direlarik.
Desfilea, telebistan
Bestalde, oraindik aukerarik izan ez duenarendako ala errepikatu gura duenarendako, Goiena telebistak oraingo astean ere desfilea emisioan izango du: gaur, astelehenean (17:30), martitzenean (19:00), eguaztenean (13:00, 22:00) eta eguenean (15:00).