Bluesa gurean ezagun egiteko asmoz saio didaktikoa egin dute Belcebluesekoek

Usoa Agirre 2014ko mai. 18a, 20:30

Euskal Herrian arrotz samarra den blues musika ezagutaraztea izan zen atzo Belceblues taldekoek Bergarako Zabalotegin eskainitako saio didaktikoak izan zuen helburuetako bat. Horretarako, bluesaren historiaren errepaso bat egin zuten zenbait bideo proiektatuz eta abesti klasiko batzuk eskainiz.

Bluesa nondik sortu zen azaldu zuten lehendabizi eta horretarako bideo batzuk erakutsi zituzten; bertan agertzen ziren AEBetako esklabo beltzak lanerako makilak instrumentu bakar zituztela abesten. Lan-jarduna arintzeko musika zuten ihesbide bakar eta horiek izan ziren blues musikaren lehen urratsak.
Lehen urrats horiekin hasi eta bluesak historian zehar izan dituen eraldaketen berri eman zuten jarraian, horien adibideak zuzenean eskainiz. Horretarako, baina, ez ziren Belceblueseko kideak bakarrik egon; Zabalotegin bildutako publikoaren artetik boluntarioak igo ziren taula gainera taldekideekin batera bluesarekin estuki lotutako instrumentuak jotzera. Blues musika erabiltzen duten zenbait iragarki, film eta marrazki bizidunen bideoak ere jarri zituzten.

Biribilketekin antzekotasuna

Bluesak AEBetako esklabo beltzen artean izan zuen sorrera, baina bitxikeria moduan azaldu zuten Euskal Herriko biribilketen erritmoak antz handia duela bluesarenarekin. Ikusi Mendizaleak biribilketa ezagunarekin kalejira egin zuten aretoan bertan.

Herritarren aurreko saioa izanik, ez zuten aukera galdu nahi izan Memphisen izan zuten abenturatxoa kontatzeko. Munduko blues txapelketako final laurdenetan izan ziren Asier Elortza, Oihan Vega, Ibon Larrañaga eta Guille Sanz 2013ko urtarrilean eta han jasotako irudiekin egindako Road To Memphis dokumentalaren zatitxo bat eman zuten.

Saio didaktikoarekin amaitzeko, kontzertu txiki bat eman zuten egin dituzten kantu berriak esklusiban aurkeztuz.

Disko berria prestatzen ari dira Belceblueseko mutilak

Datorren urtean, 2015ean, 10 urte beteko ditu Belceblues taldeak eta ordurako disko berria izan nahi dute kalean, taldearen hirugarrena. Urteurrena borobiltzeko, gainera, urte horien guztien inguruko dokumental bat ere prestatu nahi dute bizipenak, kontzertuak, elkarrizketak eta bidean egindako lagunak biltzen dituena. Abesti berriak lantzen hasi dira dagoeneko; Memphiseko lehiaketarako egin zituzten pare bat abesti eta horiekin batera beste batzuk ere landu dituzte azken hilabeteotan.

Asier Elortza abeslariak kontatu digunez, disko blueseroa izango da. Azken bi diskoetan rock-and-rollera egin dute abesti batzutan, baina Memphiseko bizipenen ostean "abesti blueseroagoak" irten zaizkie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak