Garaiko landareak landatuko ditu Bergarako Udalak datozen egunetan

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko mai. 15a, 11:39

Begoniak lorategi baten.
Herriko lorategi eta berdeguneetan jarriko ditu. Guztira 300 metro karratuko azalera landatuko dute Udaleko lorezainek. Landare berriak jartzera 6.795 euro bideratu dituzte.

Udaberrian bete-betean sartuta eta udarako bidean gauden garaian, herriko hainbat lorategi eta berdegunetan sasoiko landareak jarriko ditu Bergarako Udaleko lorezaintza zerbitzuak.

Udalerria apainduko duten loreen artean sasoiko 25 landare mota daude, besteak beste, begoniak, salbia, zinnia, scaveola, ageratum-a, berbena, sanvitalia, cineraria edota gaura.

Guztira 300 metro karratuko azalera landatuko dira eta horretara 6.795 euro bideratu ditu Udalak.

Sasoiko landareak, urtean behin

2012 urteaz geroztik urtean behin soilik landatzen dira sasoiko landareeak. Ordura arte bi landaketa egiten ziren urtean zehar: udaberri-uda sasoikoa eta udazken-negu sasoikoa. Hala ere, egoera ekonomiko zailak direla eta, bi landaketetariko bat kentzeko erabakia hartu zen.

Landareek udalerria apaintzen laguntzeaz gain, herritarren bizi kalitatea hobetzen dute eta herriko berdeguneez gozatzeko aukera berezia eskaintzen digute.

Lore eta landare azoka, zapatuan

Oxirondo plaza ere kolore eta landareen usain gozoez jantziko da zapatuan, maiatzaren 17an. Merkatuaren kanpoko aldean egingo da azoka, bergararrek eta bertaratzen direnek etxeak, lorategiak eta inguruak apain ditzaten. Horretarako Bergarako Ninika Lora denda, Urretxuko Nerea Soraluze, Oñatiko Ana Idigoras, Usurbilgo Aranburu Mintegia eta Tafallako Viveros el Montañes izango dira lore eta landare ederrak eskaintzen.

Azokak, baina, haurrak ere hartu ditu kontuan eta gztetxoak loreen arlora gerturtzeko asmoz, tailerra antolatu du goiz partean, Jardunen laguntzarekin.

Balkoi eta leihoak apaintzeko lehiaketa

Balkoi eta leihoak lorez apaintzeko lehiaketa ere egingo da aurten, lehenegoz. Herri osoa hartzen duen ekimen hori maiatzean eta ekainean egingo da. Bergara dotore-dotore jartzeaz gainera, lehen saria irabazten duenak 400 euroko bonoa jasoko du, herriko dendetan gastatzeko, eta bigarren saria jasotzen duenak 200 euroko bonoa.

Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek kainaren 16a bitartean eman behar dute izena kultura etxean, www.bergara.net webgunean deskarga daitekeen inprimakia bete ondoren. Balkoiak eta leihoak gutxienez ekainaren 16tik uztailaren 6ra bitartean egon beharko dira apainduta, beti ere, oinezkoendako inolako arriskurik edo oztoporik sortu gabe.

Parte hartzaile guztiei zenbaki bat emango zaie balkoian edo leihoan jartzeko. Horri jarraituz, lehiaketaren epaimahaikideek originaltasuna, apainketaren kalitatea, loreen iraunkortasuna, diseinu floristikoa eta egitura moduan erabilitako materiala hartuko dituzte kontuan epaia emateko.

Lehiaketaren sari-emateko ekitaldia San Martzial erromerian egingo da, uztailaren 6an.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak