Akrilikoa edota olio teknikez margotutako koadroek ikusmina piztu zutela azaldu digu Bingen De Pedrok. "Euria egin arren, herritar asko gerturatu da eta teknika ezberdinak gertutik ikusteko aukera izan dute. Ikusmina, baina, akuarelaz egindako lanek sortu dute. Izan ere, ez da teknikarik ohikoena. Orain arte akrilikoa eta olioa erabili dituzte Bearteko artistek. Orain, ordea, Rikardo Azkargortaren ikastaroari esker, akuarelaz egindako lanak izan dira nagusi erakusketan", azaldu digu.
Hiru dimentsiotako bi lan ere jarri zituzten ikusgai. "Bitxia izan da; koadroa ikusteko mugitu egin behar zara eta perspektiba ezberdinetatik ikusi".
Bi metroko koadroa
Ia bi metroko koadroak ere jendea erakarri zuen atzo: "Arreta piztu du oso handia eta ikusgarria ere badelako. Abstraktua da eta paisaia eta zaldia irudikatu gura izan ditu Zabaleta margolari nobelak bertan. Hasi berria da eta meritu handia daukala esan beharra daukat. Ramon Arantzabalen lanak ere gustura ikusi dituzte herritarrek".