Gorlako kurbak auto azkarren testigu izango dira gaur

Xabier Urtzelai 2014ko mai. 10a, 10:07

Zabaleta, iaz, lehenengo txandaren irteera puntuan.
Auto igoeren denboraldia Opakuan hasi zuten apirila erdian, eta bertan Debagoieneko bi pilotu izan ziren jaun eta jabe: Aitor Zabaleta (Lola BMW) bergararra eta Markel Cestafe arrasatearra (Mitsubishi Evo VI). Hala, egutegiko bigarren hitzorduan, Gorlako Igoeraren 23. edizioan ere aurre-aurrean egon nahi dute (zapatua, 15:00, Bergara).

Zabaletak etxean korrituko du, eta Opakuan erakutsitakoaren arabera, badirudi autoa mekanikoku puntuan jarri duela, azken bi urteotako arazoak atzean utzita. Turismotan, ostera, Cestafek lehen txandan egindako denbora onari esker irabazi zuen, bigarren txandan arazo mekanikoak izan zituelako. Jakinekoa da bi horiek indartsu joango direla, baina, kontrario gogorrak izango dituzte aurrean. Batetik, CM kategorian lehia polita izango da, hiru silver Car –Iraola, Ordoki eta Nogueiras– eta beste bi Demond Car egongo direlako –Egozkuetarrak. Eta, turismotan ere aipatzeko moduko beste lagun asko: "Izenematearen zerrendari bistazoa bota eta auto azkar asko ikusten dut", diosku antolatzaile lanetan dabilen Gorla Racing taldeko Xabier Zabaletak.   

Ramirez egongo da BMW 320 ST autoaz, eta Gerard de la Casak Seat Cordoba WRCaz korrituko du. Cestafe eta Tarsiciok Mitsu-ak izango dituzte esku artean, eta Erdoiza, Corcuera, Duperou, Alberdi, Txus Jaio moduko pilotuak ere irteera puntuan izango dira, tartean, baita bailarako hainbat ordezkari ere.

Segurtasun neurriekin argi 

Dena behar den moduan joan dadin antolatzaileak ez dira errespetua berba erabiltzeaz nekatzen: "Jendeak errespeta ditzala kurbatan jarritako zintak, eta baita komisarioek esandakoak ere. Eta amaitzeko, utzi mendia zegoen moduan, mesedez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak