Hiru jardunaldi besterik ez da geratzen liga amaitzeko, baina taldea ez dago oso toki erosoan.
Halaxe da, bai, egun gauden tokia ez da batere erosoa. Egia da aurreko asteko garaipenari esker hobeto gaudela, baina, oraindik ere, mailari eusteko lan asko egin behar dugu.
Joan den jardunaldiko hiru puntuek asko lagundu dute?
Erabakigarriak izan dira; egia da oraindik ez garela zulotik irten, baina mailari eusteko egiten ari garen ibilbide honi bultzada polita eman diogu.
Hala ere, lasaitzeko astirik ez.
Ez, horixe, hurrengo hiru partiduak guretzako hiru final izango dira. Gure helburua mailari eustea da, eta gaur egun hori gure esku dagoen arren, ezin dugu punturik galdu.
Zein da mailari eusteko taldeak duen estrategia?
Estrategia baino gehiago, behar edo konpromiso bat dela esango nuke. Bospasei talde gaude Erregional Preferente mailara jaisteko arriskuarekin; gure kasuan, baina, joan den jardunaldiko hiru puntuek arnasa hartzeko aukera eman digute. Garaipen horri esker, Baskonia eta Zarautz atzean uztea lortu dugu.
Zapatuko norgehiagoka etxean izango da, eta matematikoki jaitsiko den Getariakoren aurka; horrek gauzak zaildu ala erraztu egingo ditu?
Futbolean iragarpenek ez dute askorako balio, guztia zelaian erabakitzen da-eta. Hurrengo partidua etxean izateak eta dagoeneko jaitsita dagoen talde baten kontra izateak gauzak gure alde jarri beharko lituzke, baina ezin gara erlaxatu. Geratzen diren hiru partiduetatik bi etxean jokatuko ditugu, eta, irabazle irtenez gero, kategoriari eustea bermatuta izango genuke.
Etxean jokatzea positiboa ala negatiboa dela uste duzu?
Etxean jokatzea berezia da, eta gauden lekuan are gehiago. Jendearen babesa eta indarra sumatzea izugarria da.
Datorren astean, gainera, Antzuolaren kontrako derbia izango duzue. Partidu berezia da?
Berezitasuna harmailetan igartzen da, partidua ikustera jende gehiago joaten delako, baina guretzat beste partidu bat izango da. Punturen bat eskuratzera irtengo gara Antzuolako futbol zelaira.