Alderdi teorikoari dagokionez, landareen zainketa eta egin daitezkeen lorategi mota nagusiak eta balkoien baldintzatzaileak landuko dira, beste gauza batzuen artean. Alderdi praktikoan, berriz, landareendako ontzi motak, ureztaketa elementuak eta sustrato eta ongarri ezberdinak ezagutzekoa aukera egongo da. Alderdi praktikoa Oxirondo azokan egingo da.
Azoka eta lehiaketa ere bai
Azoka Bergaratzen egitasmoaren baitan antolatu du Udalak tailer hori eta ez da ekintza isolatua izango; beste bi etorriko dira horren ondotik. Maiatzaren 17an, lore eta landare azoka egongo da Oxirondo azokan. 09:30etik 14:00era izango da eta Bergarako ekoizleenaz gain, kanpotik etorriko diren beste hainbatek ekarritako lore eta landareak ikusi eta erosteko aukera egongo da.
Horrekin batera, 11:30etik 14:00etara umeendako tailerra eskainiko du Jardunek.
Leiho eta balkoiak apaintzeko lehiaketa ere antolatu dute. Lehenengoz egingo da lehiaketa hori gurean eta bere izenak dioen bezala, lore eta landarez jantzitako leiho eta balkoirik apainenak sarituko dira. Bi sari egongo dira: lehenak 400 euroko bonoa jasoko du herriko dendetan gastatzeko; bigarrenak, 200 eurokoa.
Lehiaketan parte hartzeko izena eman beharko da maiatzaren 14tik ekainaren 16ra bitartean, kultura etxean.