Bergarako lorezainen laneko uniformeak, txakur gorotzez zipriztinduta

Goiatz Arana 2014ko mai. 6a, 09:14

Bergarako Udalak txakur-jabeei euren animalien gorotzak jasotzeko eskaria luzatu die, beste behin. Txakur gorotzen inguruan kexa asko jasotzen ditu Udalak, bai kaleetan bai berdeguneetan sarri uzten direlako, eta, ondorioz, egoera "deserosoak" sortzen direlako, gainontzeko herritarrentzat nahiz Udal langileentzat. Argazkikoa da adibideetako bat: txakur gorotzez zipriztindutako lorezainen laneko uniformea.

Belarra mozten eta lorategiak atontzen jarduten duten langileen kasua da hori. Eta horrekin batera, beste egoera batzuk ere zerrendatu ditu Udalak: gurpildun aulkiekin dabiltzan pertsonek zapaldu eta eskuak zikintzea, edota kaletik oinez doazenentzako zikintasuna eta traba.

Ildo horretatik, gogora ekarri du debekatuta dagoela txakurrak lorategietan sartzea, izan ere, "herritar guztiona den ondareari kalte nabarmenak egiten dizkiote, bai gorotzekin zikinduta, bai berdeguneak hondatuta zein loreak eta zuhaixkak apurtuta".

Sei txakur-txoko

Kalteok ekiditeko eta behar ezberdinak dituzten herritarren arteko elkarbizitza errazteko, sei txakur-txoko daude Bergaran –2009an egindakoak–, animaliek erabili ahal izateko.

Txakur-jabeei txakur-txokoak erabiltzeko, eta euren animalien gorotzak jasotzeko eta dagokien tokian botatzeko eskatu die Udalak, araudiak zehazten duenari jarraiki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak