Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren bosgarren edizioa hasi zen egubakoitzean, eta ez edonola: aurten Bergarako gaztetxean gozatu ahal izango diren berrikuntzen artean musika klasikoa eta elektronikoa baldin badaude, El_Txef_A izan da azken horren erakusle. Aitor Etxebarriaren alter-egoa da El_Txef_A eta, gaztea izan arren, jada nazioarteko errekonozimendua jaso du. Egubakoitzean, bere musikaren alde lasaiena eta goxoena erakutsi zuen.
Aurretik, baina, Amorantek, Iban Urizarren bakarlari proiektuak, estreinatu zituen aurtengo Egubakoitzak Kartzelan egitasmoko zuzenekoak. Folk musika oinarri hartuta, ikuspegi pertsonala eman zuen Rafa Ruedarekin edo Andrakan taldearekin ibilitako musikariak. Eguraldi txarra zela-eta, kontzertuak barruan egin bazituzten ere, indartsu hasi zen Egubakoitzak Kartzelan bosgarrenez, eta hala jarraitzeko asmoa du datozen asteotan
Hurrengo kontzertuak
Maiatzaren 9an, Lou Topet eta Bakelite taldeen kontzertua egongo da. Lou Topet folk estiloa eta euskal kantautoreen tradizioa nahasten duen musika talde zarauztarra da. Bakelite taldea, berriz, blues, country-rock eta psikodelia ukituetan oinarritzen den bikote bizkaitarra da.
Maiatzaren 16an, Petti bakarlariak amerikar sustraiak dituen euskal rock kontzertua eskainiko du bere ahots urratuarekin eta gitarrarekin lagunduta. Gero, Isuo Sasiia bakarlariaren txanda izango da. Josu Isaias musikari zarauztarrak 'Idiaren zaintzari buruzko hamar estanpak izeneko azken diskoa aurkeztuko du bertan.
Bukatzeko, maiatzaren 23an, Bergarako Orkestrako hari taldeak emanaldi berezia eskainiko du kartzela zaharrean. Ondoren, Enekora taldeak kora, harpa afrikar eta ahotsetan oinarritutako kontzertu akustikoa egingo du. Musikaz gainera, proiekzio bisualak ere erabiliko ditu Jon Manterola artistak.
Zuzenean Txapa irratian
Txapa irratiak maiatzean zehar Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren barruan egingo diren kontzertuak irrati bidez jarraitzeko aukera eskainiko du.