Maiatzaren 2an izan zen lehenengoa. El Txef A eta Amorante igoko ziren oholtza gainera. Aste honetan Lou Topet eta Bakelite-ren txanda izango da. Folk doinuak eta rock eta blues pintzeladekin lagundutako doinu distortsionatuak ekarriko dituzte, hurrenez hurren. Petti eta Isuo Sasiia bakarlariak izango dira hilabeteko hirugarren egubakoitzean. Kontzertuen programazioarekin amaitzeko kontzertu berezia izango da Maiatzaren 23koa. Izan ere, Bergarako Orkestrako soka taldeak emankizuna eskainiko du. Sorpresaren bat edo beste ere izango dela aurreratu dute. Eneko Larrañaga zestoarra ere arituko da egun horretan. Azken honek doinu afrikarrak eramango ditu Kartzela Zaharrera, euskaraz abestuta.
Kontzertuez gain beste hainbat ekimen ere izango dira. Maiatzaren 17an Mujika Taldeak errepresioaren aurkako eguna antolatu du. Oraindik egitaraua zehazteke badago ere, bazkaria, hitzaldi bat eta kontzertuak egitekoak dira.
Gaztetxean egiten diren ikastaroentzako lekua ere egongo da. Kopla Barik bertso eskolakoak hilaren 7an eta 21ean elkartuko dira, 19:30etan, gaztetxeko goiko solairuan. Leku berean izango da gitarra ikastaroa ere. Kasu honetan, martitzenetan izango da, 20:30etan. Berrikuntza bezala euskal dantzen ikastaroan parte hartzeko aukera egongo da martitzenetan, 19:30etan.
Aurrerantzean ere egitaraua antolatzeko ateak zabalik dituzte bergararrek. Egubakoitzetan egiten den asanbladetan gaztetxearen 14. urteurrenera begira jarriko dira. Gazteak ez dira izango, hala ere, bilduko diren bakarrak. Maiatzaren 4an herriko haur eta gurasoen beharrak aztertzeko asanblada egingo da. Beste edozer antolatzeko gogorik izanez gero, gaztetxearekin harremaneta jartzeko deia ere luzatu dute.