Ainhoa Garitano: "Desfilean herriko denden eskaintza erakutsiko dugu"

Jon Moñux 2014ko mai. 5a, 16:05

Ainhoa Garitano.
Bergara Bizi ekimena osatzen duten 30 bat dendak moda desfilea egingo dute zapatuan. Ekitaldia arratsaldeko seietan hasiko da, San Martin plazan. Euria eginez gero, desfilea Udal Pilotalekuan egitea aurreikusi dute antolatzaileek. Ainhoa Garitano Jo'Ka arropa-dendako arduraduna eta Bergara Bizi egitasmoko parte-hartzailea da, eta zapatuan egingo den desfilean parte hartuko duela dio.

Nola bururatu zitzaizuen desfile bat egitea?

Bergara Bizi egitasmoko bileretan ideia batzuk agertzen hasi ziren. Neguan leku itxietan antolatu behar direnez askotan ekitaldiak, udaberria eta uda gerturatzen zihoazenez, herriko plazan moda desfile bat egitea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen.

Aldaketa nabarmena ekarriko du euria eginez gero?

Baietz uste dut. Herriko plazan ezin badugu egin, Bergarako Udal Pilotalekuan egingo dugu, egun eta ordutegi berean. Hala ere, atzamarrak gurutzatzen gabiltza eguraldi ona egin dezan, politagoa baita kalean egitea. Jendea errazago hurbiltzen da kalean leku itxi batera baino.

Zein da desfilearen helburua?

Gure asmoa da Bergarako dendok eskaintzen ditugun produktuak maiatzaren 10ean kalera ateratzea. Izan ere, bergararrei askotan kosta egiten zaie herriko dendetan sartzea. Hori dela eta, dendariok barrera horiek apurtu nahi ditugu, nolabait, zapatuan. Herritarrak ez badira dendetan sartzen, guk dendan daukaguna aterako dugu kalera.

Boluntario asko animatuko dira desfilean parte hartzera.

Bai, hala da. Desfilean parte hartuko duten denden 45 bat bezero animatuko dira modelo lanak egitera. Apirilaren 29an egin genuen lehenengo entsegua eta oso ondo irten zen, artista hutsak dira guztiak. Laguntza handia eskaintzen dihardute. Harrituta gelditu ginen, gainera, animatu den gazte kopuru handiarekin. Boluntarioez gain, Bergarako Udalaren, Goiena Komunikazio Taldearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango dugu egun horretarako.

Zer aurkeztuko duzue desfilean?

Lehenik eta behin, parte hartuko duten lau edo bost ile-apaindegiek beraien karakterizazioak erakutsiko dituzte. Eta gero, zapata-dendek, osagarriak eskaintzen dituztenek, arropa-dendek eta optikek bakoitzaren produktuak aurkeztuko dituzte.

Desfileaz gain, beste ekitaldi batzuk ere egingo dituzue zapatuan.

Hori da. Alde batetik, musikarekin edo dantzarekin loturiko ekitaldi txikitxo bat egin nahi dugu. Hala ere, ez dago guztiz zehaztuta. Bestetik, zozketa dago. Aste honetan zehar zenbakiak emango ditugu eta zapatuan zozketa egingo dugu. Bonuak izango dira sariak, Bergarako komertzioetan erabiltzeko.

Nolakoa izan zen bergararren erantzuna Bergara Bizik azaroan egin zuen ekitaldian?

Dendariok oso balorazio positiboa egiten dugu. Orduan, komertzioak zabalik izan genituen egun osoan, eta beherapenak eskaini genituen. Gainera, musikarekin ere animatu genituen kaleak. Herritarren erantzuna oso polita izan zen. Jende asko ibili zen kalean eta dendetan.

Zer eskatzen diozue zapatu honetarako bergararrei?

Guk eskatzen duguna da ahalik eta herritar gehien hurbiltzea plazara. Izan ere, azken asteotan prestatzen ari garena eta egun hauetan prestatuko dugun guztia bergararrei eskaintzeko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak