Bere lana sailkatzea ez da erraza, eta literatura feminista entzutean "ez ditut etiketak gustuko", erantzuten du Alberdik. Dena den, idazleak onartzen du, feminista denez, bere lanetan ikuspuntu hori igartzen dela. Kartzela zaharreko liburutegiarekin gertatzen den moduan, hormak eraiki beharrean bere hitzak zabaldu nahi ditu.
Angiolilloren liburutegia
23. aurkezpena izan den honekin Angiolillo liburutegiak bere ateak itxi baino, ziklo berri bati ekingo dio. Ibilbide oparoa izan du ekimenak eta Aser Polvorosa buru, zirkuitu komertzialetatik urrun geratzen diren idazle eta argitalpenak ekarri ditu liburutegiak gaztetxera. "Kartzela zaharrean askatasuna sartu nahi izan dugu", aipatu du Polvorosak.
Bera ez da nekatu, baina bere begiko proiektua izan den hau beste esku batzuetara pasateko ordua dela uste du. "Gurea eraikin honetan egin den laugarren liburutegia da, baina ziur nago bosgarren bat ere egongo dela", azaldu du liburuzain berezi honek.
Hurrengo proiektua gorpuzten den bitartean, liburutegiak ez ditu bere ateak guztiz itxiko.Angiolilloren ziegan dauden liburuek jendearen esku jarraituko dute, hurrengo askapen- haize edo proiektu berria noiz iritsiko zain.