Gure Esku Dago

Gure Esku Dago lantaldeak eskerrak eman nahi ditu

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko api. 15a, 17:08
Erramu Zapatuan modu batera edo bestera laguntza eskaini zuten guztiei eman nahi dizkiete eskerrak Bergarako Gure Esku Dago lantaldetik. Laguntza handia jaso dutela diote, eta pozik daudela. Albiste barruan duzue bidali duten gutuna osorik.

"Pasatu dira dagoeneko Erramu Zapaturako prestakuntza lanak, emanaldiak eta baita ajeak ere, baina ez genuke ekintza honekin bukatu nahi, bide honetan lagundu diguten guztiei eskerrak eman gabe.

Bergarako Gure Esku Dago lantaldeak gutun honen bitartez eskertu nahi dituen guztien zerrenda amaigabea da: paparazzi esperientziadunak, azken orduko soinu teknikari eta aurkezle inprobisatuak, murala margotzera ausartutako ehundaka artistak, muralerako pareta eskaini digutenak, gure kapritxo txikiei kasu egin behar izan dieten kartelgile ofizialak, kartel inprimatzaileak, koltxoiak eta azpiegiturak eskaini dizkiguten eskolak eta gaztetxea, koltxoi horiek garraiatzeko kotxea bakarrik ez, erremolkea edo kamioia ere eskaintzeko eskuzabaltasuna izan dutenak, oraingo erramu zapatuko herri giroaren erantzule diren herri bazkariko antolatzaileen lantaldea, titulurik gabeko zerbitzari adeitsu, sukaldari eta muntatzaile eraginkorrak, tituludun sukaldari eta zerbitzariak, metro saltzaile nekaezinak, gure etengabeko eskaerei baimena emateaz nazkatzera iritsi diren udal langile eta agintariak, Oñati eta Arrasateko GED lantaldeak, gure berriak argitaratu dituzten komunikabideak, eta nola ez, ilusioz erramu zapatuko castellers-en emanaldira hurbildu zineten herritar eta kataluniar guztiak.

Zerrenda luzea osatzen dute benetan, erramu zapatuko giza-gaztelu horiek behetik goraino eraikitzen lagundu zutenek. Horregatik gaude pozik, badakigulako eraikitzen ari garen giza-gaztelu honek geroz eta oinarri sendoagoa daukala, eta geroz eta herritar gehiago ausartzen dela gazteluaren goiko aldera igo eta bertigorik gabe erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egitera.

Horregatik, lasai gaude eta pozik benetan, badakigulako ekainaren 8an bergararrok giza-katean ikusiko dugula elkar. Ordura arte, jakin gurean herritar guzti-guztiok zaretela ongi etorriak eta esku zabalik hartuko zaituztegula gure lantaldean. Fins aviat!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak