Maiatzera begira, dagoeneko prest dago aurtengo Egubakoitzak Kartzelan egitasmoa. Hilabetez, eta ohiturari jarraiki, ostiralero, 22:00etan, kontzertu lasaiez gozatzeko aukera izango dute Bergarako kartzela zaharrean.
Proposamen ezagunak eta proiektu berriak batzen ditu aurtengo egitarauak. Berritasunek lekua izan dezaten, lehen aldiz doinu elektronikoei tokia egin diete antolatzaileek, baita musika klasikoari ere. Hala ere, ohiko gitarristak ez dira faltako.
Txartela 3 eurotan egongo da eta talde gonbidatuek egun hauetan joko dute:
Maiatzaren 2an: El_Txef_A eta Amorante.
Maiatzaren 9an: Lou Topet eta Bakelite.
Maiatzaren 16an: Petti eta Isuo Sasiia.
Maiatzaren 23an: Soka taldea eta Enekora.
Bertaratzerik ez dutenek ere ekimenaz gozatu ahal izateko, kontzertuak Txapa irratitik (Fmko 97,2), herriko irrati libretik, emango dituzte zuzenean.