Ekainetik aurrera, herriko baserritarren azoka egingo dute Bergarako Oxirondon hileko lehen eguaztenean

Txomin Madina Milikua 2014ko api. 9a, 15:49

Besteak beste udal azoka biziberritzea eta kontsumo lokala eta arduratsua sustatzeko helburua duen 'Azoka Bergaratzen' prozesua aurrera doa apurka apurka. Hala, prozesuaren barruan jorratu dituzten lan ildoetan dagoeneko zehaztu dituzte hainbat ekimen. Horien aretan dago hilean behin egin gura duten herriko baserritar eta bestelako jardueren azoka berezia.

Otsaila amaieran abiatu zen Azoka Bergaratzen prozesua, Bergarako udal azoka biziberritu; kontsumo lokala sustatu; eta azokan egongo den aisialdi gune berriaren eredua definitzeko helburuarekin.

Udalak eta Bagarak elkarlanean martxan jarritako prozesuaren barruan, eta beti ere herritarren parte hartzearekin, lau lan ildotan ibili dira lanean: lehen sektorea, ekonomia lokala, herri eragileak eta aisialdi gunea, eta azken ildokoek kenduta, gainerakoek bateratze saio aizan zuten atzo. Bertan, jasotako proposamenak bateratu eta maiatzetik aurrera azokan egingo diren ekimenen plangintza adostu zuten.

Ekimen horien artean dago ekainetik aurrera hilean behin, hileko lehen asteazkenean, herriko baserritar eta bestelako jardueren azoka berezia. Maiatzaren 14an, bestalde, lore eta landareekin apainketa ikastaroa egingo dute, eta maiatzaren 17an lore eta landare mintegien azoka berezia.

Honetaz gainera, Azoka Bergaratzen leloarekin poltsa berrerabilgarriak sortuko dira azokako merkatari eta baserritarrek banatzeko, eta tokiko eta sasoian sasoiko produktuen gaineko informazio panelak ere jarriko dira azokan.

Aisialdi gunea

Azokan egongo den Aisialdi guneari dagokionez, proiektu arkitektonikoa onartuta dago, baina antolaketa eta kudeaketa eredua zehazteke dago, eta horretan lanean dabiltza guraso eta hezitzaileekin. Asmoa da baina, alor honetan umeen iritzia ere jasotzea.

Udaletik pozik agertu dira herritarren artean prozesuak izan duen erantzunarekin, eta parte hartzea zabala, anitza eta aberasgarria izaten ari dela.

Azoka Bergaratzen prozesua ez da bukatu, eta aurrerantzean ere hainbat bilera egingo dituzte. Udaletik azpimarratu dute prozesu irekia dela, eta interesa duten herritarrak edozein unetan sar daitezkeela lantaldeetan. Maiatzaren 21ea egingo dute hurrengo bilera irekia.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak