Nola izan zenuten lasterketa honen berri?
Joan den urtean, tabernan, kirol egunkari batean, Gironan lasterketa hori izango zela ikusi nuen eta Jon Ander konbentzitu nuen. Beste biak ere batu ziren. Beranduegi zen urte hartarako prestatzeko, eta, ondo antolatu, eta aurtengoan parte hartzea erabaki genuen.
Intermon Oxfam erakundea ezagutzen zenuten proban aritzea erabaki baino lehenago?
Nik telebistan inoiz haien iragarki bat ikusi izana gogoratzen dut, baina ez dut inoiz izan informazio askorik haietaz. Benetan erakarri gintuena proba bera izan zen. Bi erronka zituen guretzat: batetik, 100 kilometroko lasterketa batean korrika egitea, eta, bestetik, horretarako beharrezkoak ziren 1.500 euroak batzea.
Nolakoa izango da proba? Zein izango da ibilbidea?
Talde bakoitzak 32 ordu izango ditu Olot eta Sant Feliu de Guixols artean dauden 100 kilometroak egiteko. 400 metroko desnibel positiboa eta 900 metro inguruko desnibel negatiboa izango ditu. Via Verde Estrecha deitzen diote eta bidegorri moduko bat da, baina asfalto gutxirekin.
Joan aurretik entrenamendu programa bereziren bat eskatu dizu lasterketak ?
Donostia-Behobian eta maratoietan korrika egindakoa naiz, baina honelako moduko probarik ez dut egin orain artean. Horregatik, entrenamendu programa bat zehaztu behar izan dugu. Taldea osatuta, Kepa Larrearengana jo genuen eta hark markatutako programa jarraitzen ari gara ordutik hona.
Zein helburu finkatu duzue lasterketari begira?
Gure helburua da dirua batzen laguntzea eta lasterketaz gozatzea, lasterketa bat baino gehiago festa bat da-eta. Partaide askok proba bi egunean egingo dute, baina guk guztia egun batean egin nahiko genuke. Hamasei ordu inguruan bukatzeko gai garelakoan gaude. Hala ere, ez dugu ahaztu behar gure helburua disfrutatzea dela eta ez leher eginda bukatzea.
Elkarrekin, edo helburu berarekin, lasterka arituko zareten lehenengo aldia izango da hau?
Talde bezala inoiz lehiatu ez garen arren, maratoiak egin izan ditugu elkarrekin eta, sarritan, asteburuetan ere elkartu ohi gara entrenatzeko.
Alberto Samaniego eta Aitor Garitano izango dituzue laguntzaile ibilbidean zehar. Zertaz arduratuko dira?
Lasterketan parte hartzeko baldintzetako bat sei kide izatea da. Lau lagunek egingo dugu korrika eta beste bi gure atzetik joango dira auto batean. Ezer falta ez zaigula ziurtatzeko daude. Denetik pixka bat egingo dute momenturo behar dugun guztia eskura izan dezagun: hesiak ondo jarri, gutako bati zapatilak apurtu bazaizkio berriak ekarri, etab. Lan hori Alberto eta Aitorrek egingo dute, horretarako asko balio dute-eta.
Dirua batzeko kanpainarekin 4.576 euro batzea lortu duzue. Espero zenuten hainbeste lortzea?
Lasterketan ateratzeko beharrezkoak diren 1.500 euroak lortzea zaila izango zela uste genuen hasiera batean, eta kamisetak eta txartelak saltzen hasi ginen. Erosle guztien arten zozketa egin genuen gero. Horretan, Lamaino Etxeberri landa-turismoari, Larrañaga autoeskolari eta Zumelaga jatetxeari eskerrak eman beharrean gara, sariekin lagundu digute-eta. Orokorrean, herriaren parte-hartzea ezin hobea izan da. Horren erakusle da hasieran behar genuen diru kantitatea hirukoiztu egin dugula.
Honekin amaitutzat ematen duzue kanpaina?
Inork laguntzen segi nahi badu, Trailwalker-en webgunean sartu eta gure taldeari nahi duen kantitatea eman diezaioke, baina guk ez dugu kamisetak saltzen jarraituko. Bergarako herriari ezin diogu ezer gehiagorik eskatu, nahiko laguntza izan dugu.
Partaide guztien artean zenbat diru lortzea espero da?
Talde bakoitzak 2.500 euro inguru batzen ditu eta 350 talde gara. Oraingoz, 512.000 euro eskuratu ditugu. Kantitate horren bueltan ibiliko da, nire ustez. Hala ere, bada kanpaina amaituta ere dirua ematen jarraitzen duen jendea.
Erakunde publikoren baten laguntza ekonomikorik izan duzue?
Kanpainatik atera dugu diru kopuru hau. Ez dugu inoren atea jo, baina ez badute guregana jo, ez da gure berri ez dutelako izan. Hala ere, egungo krisiarekin ez da erraza diru publikoa lortzea.
Herritarrak Gironara bertara zuek animatzera joateko zerbait antolatzeko asmorik badago?
Ez dugu autobusik edo antzekorik antolatzea pentsatzen. 800 kilometro autobusean egitea gehiegizkoa iruditzen zaigu, are gehiago gero lasterketak dituen 100 kilometroak jarraitu behar badituzte. Hala ere, garai horretan Gironan oporretan egongo dela esan digute hainbatek. Hortaz, norbait azalduko zaigu bertara sorpresaz...