Azoka Bergaratzen prozesuaren bateratze saioa egingo dute datorren martitzenean

Eneko Azkarate 2014ko api. 3a, 09:41
Azoka Bergaratzen prozesuko lan saio bat Irizar jauregian joan zen astean (Argazkia: Azoka Bergaratzen).
Oxirondoko Azoka biziberritzeko prozesua aurrera doa eta datorren martitzenean, apirilaren 8an, bateratze saioa iragarri dute. 18:30ean, udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan egingo da batzarra.

Bultzagileek adierazi dutenez, Azoka Bergaratzen prozesuaren "mugarri" bat izango da martitzeneko batzar hori; izan ere, "ildo desberdinetako lan taldeetan egindako proposamenak ezagutzeko eta partekatzeko aukera" eskainiko du.

Bergarako Udalak gonbita luzatu die "bergarar guztiei", egindako bileretan "parte hartu dutenei zein ez dutenei", bertara hurbiltzeko eta azaldu diren ideiak hobetzeko proposamenak egin ditzaten; baita proposamen berriak luzatu ere.

Lehen sektorea aztergai

Bestalde, Bergarako udaletik adierazi dutenez, oraingo astean, martitzenean, lehenengo sektoreko bigarren lan saioa egin dute. Lehenengo saioan adostutakoak sakondu eta zehazten jardun dute parte hartzaileek. Apirilaren 8an izango den bateratze saiora, taldeko proposamenak eramateko asmoz. Sektorearen egoera eta baldintzen berri ezagutzeko aukera ere eskaini zuen saioak.

Umeen aisialdia

Horretaz gain, martxoaren 15ean izandako Haurren aisialdia: ezagutu, hausnartu eta parte hartu jardunaldian egindako talde dinamiketan, Bergarako aisialdiaren inguruan hausnartzeko aukera izan zen. Batzarrean jasotako ezaugarriak, aisialdi gunean zela islatu daitekeen aztertu dute. Aurrez izandako partaidetzagatik eta erakutsitako interesagatik, bi lan saio egin dira: bata arratsaldez eta bestea goizez. Honela, guraso eta hezitzaile ugari izan dira aisialdi gunearen antolaketa definitzeko lanean jardun dutenak.

Batzar horrek martxoaren 26an izan zuen segida. Bertan, martxoaren 15ean izandako jardunaldian, Bergarako aisialdiak izan beharko lituzkeen ezaugarriak batu, eta hauek aisialdi gunean isla izateko, espazioa zelakoa izan beharko lukeen eztabaidatu zen.

Aurkezpen txiki bat egin ondoren, taldeka lan egin, eta bukaeran taldeetatik ateratakoak batu eta aurkeztu ziren, Bergarako Udaletik adierazi dutenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak