Kalean da apirileko kultura gida

Imanol Gallego 2014ko api. 2a, 11:35
Castellers taldeek egiten dituzten dorre ikusgarrietako bat.
Labetik atera berri du apirileko kultura agenda Udalak eta oraingoan ere ekitaldiz gainezka dator. Hala, musika eskolakoen eskutik Apirilean musika egitarauak emango dio hasiera hilabeteari, tartean direla kontzertuak: instrumentu herrikoienak eta klarinete eta saxofoienak bihar; Basajaun eta Mozolo ipuina etzi; eta Musika kalera! ekimena eguenean. Domekan, ostera, Mikel Markez bakarlariak Indar bat dabil hor diskoa aurkeztuko du.

Antzerkiari dagokionez hiru ekitaldi izango dira: Ipintza institutuko ikasleek Litus lana eskainiko dute zapatuan; Gabriel Aresti eta Zenbat Gara elkarteen eskutik Gabrielen lekua sentikaria emanaldia izango da apirilaren 25ean; eta Ate Joka teatro taldearekin Biolin magikoa 6 eta 12 urte artekoendako, apirilaren 27an.
Ikus-entzunezkoak ere izango dira; Maite Garmendiak eta Beñatek esaterako, BiziAbentura Hegoamerikan eskainiko dute eguaztenean, udaletxeko pleno aretoan eta Markel Uriartek Orbea Enduro Crew bideo emanaldia apirilaren 9an, Zabalotegin.

Ipuin kontaketen tartean, Haur liburuaren nazioarteko eguna dela eta, Maite Franco kontalariarekin solasaldia izango dute gaztetxoek umeen liburutegian.Hileroko kontaketen artean daude Printzesak, munstroak eta sorginen bat Rakel Imazen eskutik apirilaren 25ean; eta Juicio a los 50 helduendako kontaketa Ines Grimland kontalariarekin hilaren 29an, osoko bilkuren aretoan.

Erramu zapatuko ekitaldiak

Erramu zapatua ere ate joka dago, eta apirilaren 11n, bezperan, bertsolarien saioa izango da pilotalekuan. Bertan elkartuko dira: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Iker Zubeldia, Amaia Agirre eta Nerea Elustondo. Sarrerak www.bergara.net eta eta kultur etxean eskura daitezke.

Egunean bertan, apirilak 12, Sant Cugat del Valles herriko Castellers taldeak girotuko ditu kaleak joaldunen laguntzarekin (11:15-12:00). Ondoren emanaldia egingo dute Martinez de Irala eta Irizar Pasealekua elkartzen diren plazatxoan; euria eginez gero emanaldi hori pilotalekuan izango da (20:00). Domeka eguerdian ere errepikatuko dute emanaldia Castellers-ek. Zapatu goizean, gainera, Gure Esku Dago gunea egongo da Martinez de Irala eta Irizar Pasealekua elkartzen diren plazatxoan. Ekimenari buruzko informazioa, metroen salmenta eta ezusteko ugari izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak