Nolakoa izan da 2013a?
Urte borobila izan da, oso oparoa. Lazkaoko abesbatzarekin lortu genuen elkartrukeari esker, urte hasiera polit bat izan genuen. Dena den, 2013ko errokan nagusia Mozarten Requiem-a izan zen. Egia da historikoki Orfeoiak beti abestu izan dituela obra handiak baina azken urteotan albo batera utzitako generoa zen hau. Zorionez Oñati abesbatzarekin bat egin, eta hura herrian eskaintzeko aukera izan genuen. Emanaldia izugarria izan zen, San Pedro elizaren irekieran abestu genuen-eta. Lan handia eskatu zigun Requiem-ak, baina emaitzak merezi izan zuen. Horrez gain, herriko beste musika taldeekin egin ohi den Gabonetako kontzertuan ere parte hartu genuen.
Horrez gain, 2014 honetan neguko kontzertu berri bat ere eskaini duzue.
Lehen Gabonetan egiten genuen emanaldiagatik ordezkatu dugu, eta jendeari zerbait originala eskaintzeko asmoarekin sortu genuen Gospel emanaldia. Etxean izandako arrakasta ez ezik, kanpoan ere gure esfortzuak emaitzak eman ditu. Gure asmoa neguko kontzertu hau egonkortzea da. Udazken honetan, adibidez Gospel emanaldia Zumarragan errepikatuko dugu.
Orfeoi gaztearen urtea ere horren borobila izan zen?
Esfortzu askoren ostean, Orfeoi gaztea egonkortzea lortu dugu, 2012an Bergarako Musika Eskolarekin lortutako akordio bati esker. Lehen, gaztetxoek Musika eskolako abesbatza utzi eta gero ez zuten jarraitzeko aukera argirik ikusten, orain Orfeoi gaztera saltoa hurbilago ikusten dute. Horrez gain, zuzendari aldaketa bat ere egon da, Alaitz Urkiak ikasturte hasieran zuzendari kargua utzi ostean Nagore Sanzek hartu zuen gure harrobiaren ardura. Hauek ere kontzertu interesgarriak egin dituzte.
Abeslari kopurua egonkortu da?
Baietz esango nuke, nagusien taldea 40 bat pertsonek osatzen dugu, orfeoi gaztean aldiz, 20 kide ditugu, hala ere, gure ateak zabalik daude. Parte hartu gura duen edozeinek bergarakoorfeoia@gmail.com helbidea edo 639 47 18 63 telefonoa erabil dezake.
Jendeari beldurra kentzeko, ahots bikain bat izatea beharrezkoa da?
Beldur arrunta da hori. Gurea talde bat da, eta abesteko prestutasuna izatearekin nahikoa da. Orfeoiaren taldeen parte izateko, gogoa eta asmoa besterik ez dugu eskatzen.