Apirilean denetik egiteko aukera eskainiko du Bergarako gaztetxeak

Miren Mujika 2014ko mar. 31a, 16:59
'Jar itzazu tapoiak mesedez' irratsaioak hardcore kontzertuak antolatu ditu.
"Sormena landu, gorputza mugitu eta hamaika gauza ikasteko lekua da Bergarako kartzela zaharra". Hala diote hangoek. Angiolillo liburutegiaren "Azken Guda Dantza" dela-eta, askotariko liburu aurkezpenak eta antzerkiak egingo dira apirilean zehar Bergarako Gazte Asanbladak antolatuta. Hori gutxi balitz, kontzertuak, batzarrak eta denetariko topaketak prestatu dituzte datorren hilabetera begira.

Egitaraua

 

  • Kontzertuei dagokienez, punk-rock gaua izango dute Bergarako Gaztetxean apirilaren 4an, 22:00etan. Joko duten taldeak Bilboko BC Bombs, Gasteizko Las Tuercas eta Madrilgo Bladders izango dira.
  • Eskubide Sozialen Karta eratzeko prozesua martxan da Euskal Herriko hainbat herritan, baita Bergaran ere. Prozesu horretan gazteek euren ekarpena egiteko beharra ikusten dute, baita interesatzen zaizkien arloetan sakontzeko ere. Horretarako, Gutun Sozialari gazteek ekarpena egiteko batzarra antolatu dute apirilaren 5erako, 10:00etan.
  • Mugimendu feministak antolatutako abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio egingo da apirilaren 5ean, 17:30ean, Iruñeko Golem zinemetan. Bilboko autobusetan izena eman nahi duenak jo dezala helbide elektroniko honetara: abortumaninazioanala@gmail.com. Bergaratik autobusean joateko ere aukera egongo da eta izena-ematea Arrano eta Pol-Pol tabernetan egin behar da, apirilaren 1a baino lehen. Hitzordua 15:00etan zehaztu dute, Pesako autobus geltokian.
  • Apirilaren 6an, 17:30ean, ipuin kontaketa egongo da eta ondoren, haur eta gurasoen batzarra. Helburu nagusia da haur eta gurasoen beharretatik abiatuz beste gizarte eredu baten bila abiatzea.
  • Koldarrak Azkoitiko antzerki taldeak Izan bedi emakumea antzezlana eskainiko du apirilaren 18an, 22:30ean. Koldo Campos azkoitiarrak sortu zuen Hágase la mujer antzezlana, eta Jose Luis Otamendi azpeitiarrak euskaratu du orain. Camposek berak zuzenduta, Alberto Agirrebeña, Gaizka Astigarraga, Itziar Elias eta Naroa Epelde dira antzezleak. "Emakumeek jasaten duten diskriminazioaren inguruan hausnartzera bultzatzen" du antzezlanak ikus-entzulea, umorea tresna gisa erabiliz. "Paradisuan daude, eta Jainkoak gizona egin ondoren, honek emakumea behar du alboan. Sortzen duena, ordea, ez da Eva, egungo testuinguruari lotutako emakumea baizik".
  • Txapa Irratiko Jar itzazu tapoiak mesedez irratsaioaren eskutik, hardcore kontzertuak antolatu dituzte apirilaren 19rako, 23:00etan. Jerez de la Fronterako Minority of One eta Donostiako Yaw taldeek joko dute Bergarako kartzela zaharrean.
  • Apirilaren 25ean, egubakoitza, Uxue Alberdiren Euli-giro liburuaren aurkezpena egongo da  arratsaldeko zazpietan. Liburua osatzen duten bederatzi ipuinetan, egileak azaldu duenez, "sentsazioetatik sortutako ipuinak dira, eta sentsazio horietatik abiatuta" eraiki ditu pertsonaiak, eta haiek biltzen dituzten atmosferak. "Gertaeretatik eta ekintzetatik harago, lainoa idazten saiatu naiz; euli-giroaren anabasa hori, etengabeko mugimenduan pertsonaiak inguratzen dituen zurrunbiloa paperean jasotzen".

Askotariko tailer eta ikastaroak ere egingo dira hilabetean zehar:

  • Eguaztenetan, 19:30ean, Gaztetxeko goiko solairuan elkartuko dira Kopla Barik Bertso Eskolakoak.
  • Gitarra ikastaroak, aldiz, martitzenetan izango dira, 20:30ean.
  • Dantza afrikarren ikastaroen orduak zehazteko daude oraindik, baina printzipioz zapatu arratsaldeetan izango dira.

Herritarren proposamenak baliagarrik izango direlakoan, burutazio ezberdinak jasotzeko aukera eduki nahi dute Gazte Asanbladakoek, helbide elektroniko honen bitartez: bergarakogaztetxia@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak